Hiru urte dira, jaien hasierako suziri eztandarik ez dela entzun Astigarragako erdigunean. Eta hiru dira aurten, itxaronaldi luzearen ondoren, hots berezi horren arduradun izango direnak: Javier Boulandierrek, Aintzane Otañok eta Manex Aldalurrek botako dute Santio Jaiei hasiera emango dien txupinazoa, gaur arratsaldean, Gure Izarra elkartearen izenean.
Mendeurrena bete berritan, Gure Izarra izango da aurtengo omendua, eta bitxikeriatik bezala, berezitasunetik ere izango du txupinazoak, ordutegiari dagokionez: erlojuak arratsaldeko 19:22ak markatzen dituenean botako dute, elkartearen sorrera urteari (1922) keinu eginez.
Elkarteko bazkideen ordezkari izango dira Javier, Aintzane eta Manex, udaletxeko balkoian: bazkide beteranoena da Javier; elkarteko bazkide izan zen aurreneko emakumea Aintzane; eta bazkiderik gazteena Manex. Sorpresaz eta ilusioz hartu zuten proposamena, eta txupinazoa botatzeko ez ezik, festarako ere gogotsu daude, astigartar gehienak bezalaxe.
Noiztik zarete Gure Izarrako bazkide?
Manex: Aintzane eta biok batera sartu ginen, duela pare bat urte.
Aintzane: Bai, hala da, 2020an izango zen.
Javier: Niri 1962a azaltzen zait elkarteko erregistroetan, sarrera data bezala; baina lehenago ere sartuko nintzen seguruenik.
Askotan etortzen zarete elkartera?
Manex: Ni lehen gehiago, orain gutxiago etortzen naiz. Koadrilan etortzen ginen ostiralean afaltzera, normalean. Baina udaran, beti ere beste norabait joaten gara, terrazaren batera afaltzera edo...
Aintzane: Gu alderantziz, azkenaldian gehiago. Neurriak arindu edo kendu zirenean, ohitura hartu genuen astelehenetan etortzeko, senide eta lagunekin. Orain haurrak oporretan daude, eta zailagoa; bestela, amonarekin lotan uzten genituen, eta afaltzera etortzen ginen. Eta horrez gain, igande batzuetan ere bai.
Javier: Garai batean, egunero-egunero etortzen nintzen. Ezkondu aurretik bai, eta ezkondu ondoren ere bai, denbora batean. Lanetik atera eta hona etortzen ginen. Afari-merienda egin, eta etxera buelta. Gerora, ostiralero hartu genuen ohitura, zortzi edo bederatzi lagun elkartu, eta afaria egitekoa. Hasieran kotxean eramaten ninduen Hernanira bueltan, Txintxuanekoak. Baina hasi zirenean alkoholemia kontrolak egiten, esan zidan nahiago zuela kotxerik ez hartu; eta beraz, azkeneko autobusa hartuta bueltatzen nintzen etxera. Azkeneko urteotan, bi bakarrik geratzen ginen; beste denak joan zaizkigu, 'Inglaterrara lanera'. Ostiral arratsaldetan etortzen ginen biak, eta jartzen ginen betiko mahaian, elkarrekin afaltzeko. Zortzietan puntu-puntuan hasten ginen, eta hamaiketarako etxera buelta, autobusean. Askotan elkartetik korrika atera behar, autobusa hartzeko... Baina bi urte baino gehiago dira ez naizela etorri, pandemia hasi zenetik.
Asko aldatu da elkartea zu sartu zinenetik, Javier?
Javier: Horixe baietz! Lokal hau inauguratu zenean, bete-beteta egoten zen egunero. Makina bat afari izaten genituen. Nik andreari esaten nion, afaririk ez jartzeko niri, afalduta bueltatuko nintzela etxera. Aprobetxatu egin behar genuen garai hartan!
Nola jakin zenuten txupinazoa bota behar zuela Gure Izarrak, eta zuek arduratuko zinetela horretaz?
Aintzane: Ramon idazkariak deitu zigun, esateko ea animatuko al ginen Astigarraga Aldizkarirako elkarrizketa bat egiten. Eta behin bileran, proposatu zigun guk botatzea txupinazoa. Ni lotsati xamarra naiz, eta esan nion egongo nintzela balkoian, baina hortik aurrera...
Javier: Nik gustura hartu nuen notizia. Zergatik ez txupinazoa guk bota?
Manex: Niri telefonoz esan zidan Ramonek, txupinazoarena. Eta arraroa egin zitzaidan, baina animatu nintzen, bai.
Zer suposatzen du elkartearentzat, txupinazoa botatzeak?
Javier: Zorte haundia da aukera hori izatea. Gauza ederra da.
Aintzane: Pribilegio bat da hor egotea, momentu hori bizitzea, eta festen hasiera bertatik bizitzea, herri osoa plazan ikusita.
Hiru urteren ondoren, gainera...
Manex: Bai, hobeto ospatu beharrekoak izango dira aurtengo Santioak.
Aintzane: Egoera normalago dago, eta jendea gogo haundiagoarekin.
Prestatu duzue zerbait, txupinazorako?
Aintzane: Nik esan nuen, egon egongo nintzela, baina hitza hartu, ez!
Manex: Elkartekoek bertso batzuk prestatu dizkigute, eta Javierrek eta biok horiek ikasi, balkoitik botatzeko.
Urduritasunik nabarituko al duzue?
Javier: Nik uste dut baietz. Hainbeste jende han beheran ikusita... Beti izaten da kezka txiki bat, barruan.
Aintzane: Momentu berezia izango da, balkoian egon eta jendea gogotsu ikustea plazan.
Zer esan dizuete ingurukoek?
Manex: Nire ama barrez lehertu zen, jakin zuenean.
Javier: Nire ingurukoek harriduraz hartu zuten. 'Hik txupinazoa? Hi baino lehenago ez al zegok besterik?'.
Manex: Bai, eta 'politagorik ez al zegok?' eta horrelakoak.
Aintzane: Baina bromak aparte utzita, animatu ere egiten zaituzte, botatzera.
Sumatu duzue festarako gogoa herrian?
Aintzane: Herrian ez dakit, baina nire etxean bai, behintzat! Senarra aztoratuta daukat, ez dakit zer egin behar duen! Esaten dit egunez biziko dituela festak, haurrekin, baina egunero. Sekulako gogoarekin dabil.
Manex: Nire inguruan ere, lagunak gogo haundiarekin daude. Hiru urte asko dira, gauza onerako...
Nola biziko dituzue festak?
Aintzane: Etxetik kanpo, hori seguru! Guretzako marmitako eguna izaten da berezia; koadrilan joango gara, ikastolako lagunekin. Santio bezperako afaria ere berezia da. Eta Santio egunean familiarekin bazkaltzen dugu. Santa Ana egunean lan egitea tokatzen zait niri.
Javier: Ni lasai-lasai etorriko naiz Santiotara, familiarekin egotera. Niretzat, Santa Ana eguna da kuttunena, betidanik. Garai batean, gu aritzen ginen antolakuntzan, dirua baserriz baserri bilduta, hiru edo lau lagunen artean.
Manex: Guk gauez bizi beharko ditugu festak, goizaldera arte edo... Baina Santa Ana egunez bai, egoten gara Foruen Plazako festan. Egun polita izaten da hori, San Isidro eguna bezala. Sortzen den giro hori gustatzen zaigu, koadrilako guztioi orokorrean. Txikitatik bizitu izan dugu.
Mendeurrena bete du Gure Izarrak. Osasuntsu al dago?
Javier: Nik baietz esango nuke, osasuntsu dagoela.
Aintzane: Astegunetan izaten da mugimendu gutxiago, baina asteburuetan jende asko etortzen da. Guk familiarekin egin genuen azkeneko bazkarian, bete-betea zegoen soziedadea.
Javier: Ostiraletan eta larunbatetan, etortzen da jendea. Eta norbaiten urtebetetzea ospatzeko elkartzen direnean, bete egiten da.
Zergatik zarete Gure Izarrako bazkide?
Aintzane: Aita hil zenean, bere tokia hartu nuen nik. Hasieran senarra sartu zedin saiatu ginen, baina esan ziguten semeak edo alabak hartu behar zuela tokia. Eta zuzendaritzakoek animatu ninduten ni izatera. Aurreneko emakumea izatea berezia da. Hasieran kostatu zitzaidan pixka bat, pausoa ematen. Hitz egitekotan geratu ginen, eta hurrengoan paper guztiak ekarri zizkidaten beteta. Ezezkoa emateko aukerarik ez zidaten eman! Baina denak egon dira laguntzeko prest beti, eta giro polita da hemen sortzen dena. Pandemiaren aurretik, gu sagardotegira joaten ginen astelehenero; eta orain, horren ordez, elkartera etortzen gara afaltzera. Oso gustura egoten gara hemen.
Javier: Ni oso gazte sartu nintzen elkartean, lagun guztiak egin ginen bazkide. Hiru edo lau pezeta izango ziren sarrera; dirua zen garai hartan. Hasieran, Gure Izarrako futbol taldean ere aritu nintzen, hondartzan jokatzen. Taldekideen izenak ere gogoan dauzkat: Juantxo Miner atezaina, Joaquin Arzallus, Manolo Arzallus, Francisco Perez, Jesus Perez, Bernardo Arzallus atezain suplentea, Iñaki Garaño, Ignacio Garmendia, Agustin Garmendia, Ignacio Garaño eta neroni. Eta entrenatzaile bezala jarri zuten Pedro Garmendia. Porteriak tranbian eramaten genituen, guk eginda; eta Larramendi kalean bazegoen sagardotegi bat, eta han uzten genituen.
Manex: Txiki-txikitatik gustatu zait soziedadeko kontua, lagunekin etortzeko, ez dakit zergatik. Koadrilan etorri, afariak egin... Hori guztia asko gustatu zait beti. Aita aiarra da, eta hango soziedadean zen bazkide. Hara joaten ginen, eta ilusioa egiten zidan. Eta 18 urte bete nituen bezala, karneta atera eta hona sartu nintzen bazkide.