Informazioa emateko eta kexak biltzeko mahaia, Mugi plataformak

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 22a, 00:00

Informazioa emateko, kexak biltzeko eta egoera ikusarazteko mahaiak jarriko ditu Mugi plataformak, uztailaren 24ean, Kontxa Etxeberria plazan eta uztailaren 26an, Norberto Almandoz plaza eta Kale Nagusiaren artean.

Gaurko egunarekin bete du urte bete Mugi plataformak bere lehen ekintza egin zuenetik. Izan ere, 2021eko uztailaren 22an egin zuen lehen kontzentrazioa autobus zerbitzuan murrizketarik ez zutela onartuko adierazteko. Geroztik, jarraitu du plataformak: 1870 sinadura bildu zituzten, Astigarragako Udalaren plenora eraman zuen mozioa, agerraldia egin zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan... «Hori guztia Astigarragako elkarte eta herritarren babesarekin lortu dugu» azpimarratu dute plataformako kideek. 

Azkeneko hilabeteetan plataformako gaiaren jarraipena egin du, Astigarragako Udaleko alderdietako bozeramaileekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariarekin ere bildu da eta eskura izan dituen bitarteko guztiak erabili ditu egoeraren berri emateko eta bere aldarrikapenei eusteko.

Mugi plataformak dio, zerbitzua zerbait hobetu den arren, urrun dagoela oraindik plataformaren aldarrikapenetatik, eta beraz, lanean jarraitzeko asmoa duela azpimarratu du.

Hori kontutan hartuta, Santio jaien tartean ere ekin die aldarrikapenei, eta informazio emateko, kexak biltzeko edota egoera ikusarazteko mahaiak jarriko ditu plataformak: uztailaren 24an, igandean, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara, Kontxa Etxeberria plazan; eta uztailaren 26an, goizeko 11:00etatik 13:00etara, Norberto Almandoz plaza eta Kale Nagusiaren artean.

 
Mugi plataformak defendatzen duena 

Modu batera edo bestera, honakoak defendatu ditu beti plataformak: BU12 eta BU13 lineak bi zerbitzu desberdin dira, funtzio eta erabiltzaile desberdinak dituztenak; egungo ordutegi eta maiztasunak ez dira nahikoak; BU12 autobusaren ibilbidea eta geltokiak lehengoratu behar dira;  bidaiari gehieneko orduetan errefortzuak edo autobus bikoitzak bermatu behar dira; eta azkenik, Astigarraga Buruntzaldearekin eta Donostiarekin lotzeko beste linea aukera batzuk aztertu eta epe laburrera ezarri behar dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!