Zein da Brigada Morearen eginkizuna?
2019garren urtean Brigada Morea bezalako talde bat sortzeko beharra ikusi genuen, ematen ziren erasoak medio. Ikusi genuen, beste herrietan ere dinamika honekin hasi zirela, eta hauek erreferentzia gisa hartuta, iruditu zitzaigun Astigarragan ere sortu behar genuela.
2019ko ideiari jarraituta, urte honetan egitea aproposa dela iruditu zaigu. Tartean bi urte egon dira festarik ez dela egin, eta hor taldea sortzea ez genuen zentzuzkoa ikusten, baina aurten bai, beharrezkoa ikusten dugu. Azkenean egoera ez da aldatu, festak oraindik ari dira izaten eraso eta arrisku gune bat, eta gune horietatik babesteko taldea sortu dugu, etxera joateko dinamikarekin. Batez ere, emakumeon burua babesteko eta eraso matxista horien aurrean beste pertsona guztiek ere jasaten dutenaren aurrean babesa emate aldera.
Zer espero duzue? Jende askok beharko du etxera joateko laguntza?
2019garren urtean ez genuen laguntza askorik eman, jendea ez zen gerturatzen. Baina egia da, aurten, herria haundiagoa dela, herritar gehiago gara, eta esan daiteke herria bera, taberna guneetatik eta txosna guneetatik asko zabaldu dela, ez da lehen bezala, gehienok herri inguruan bizi ginen, eta orain ez, herria hazi egin delako batik bat. Honek guztiak alertan jarri gaitu. Hala ere, ez dakigu zer gertatuko den, ez dakigu jendea gerturatuko den ala ez.
Boluntarioak apuntatu dira laguntzera?
Brigada Morean turnoka sailkatzen gara, eta elkarteetako kideek osatzen dituzte txanda asko, esaterako Xaguxar aisialdi taldeko kideak, Astigarragako Gazte Asanbladakoak, Emakumeon etxeko kideak... Pena dugu, ez direlako herriko emakumeak bakarka apuntatu, elkarteetako kideak izan dira izena eman duten gehiengoak, aipatu ditudanak besteak beste. Boluntario bezala mugitu gara taldeetako kideak.
Zer dela eta eman zenuten Brigada Moreko boluntario izateko pausua?
Bizi dugun egoera kontutan izanik, egin behar den gauza bat da, eta horregatik sortu dugu Brigada Morea. Denok antolatu behar gara eta gure artean babestu behar gara. Ezin zen ez egin, beraz, oinarri hori hartuta, konpromisoa genuen taldea osatu eta emakumeei babesa emateko.
Egun gertatzen diren erasoak kontutan hartuta, Brigada Morea bezalako taldeak behar direla uste duzue?
Argi dago baietz. Aurten Brigada Morea egoteaz gain, Astigarragako Udalak puntu morea jarriko du, bai informazioa emateko eta baita laguntzeko ere. Beraz, aurtengo Santio jaietan egongo da Brigada Morea, Puntu morea karpa eta eraso matxisten aurka egindako protokoloa. Honek guztiak gizartea nola dagoen islatzen du, eta emakumeei laguntzeko beharra dagoela nabaria da. Gizartea ez balitz egongo hain desorekatuta eta ez balira erasoak egongo, hiru ekintza hauek ez lirateke egin beharko. Baina eraso matxista egon den eta dagoen momentutik horrelako ekintzak egitea ezinbestekoa da.
Etxera laguntzeko zerbitzuaz gain, aholkularitza zerbitzurik edo gainerako laguntzarik emango duzue?
Etxera laguntze zerbitzua eskainiko dugu Birgada Moreko kideok. Hala ere, momenturen batean ikusten badugu beste mota bateko laguntza bat eskaini behar dela, beste maila batekoa, karpara joko dugu edo protokoloan dauden telefonoetara deituko dugu. Baina printzipioz, etxera laguntzeko zerbitzua da eskaintzen duguna. Betiere arazoren bat badago, arazo hau kudeatzen ahaleginduko gara, noski.
Bidean ezbeharren bat gertatuz gero, zein protokolo eramango duzue aurrera?
Bidean zerbait gertatuz gero, Astigarragako Udalak ateratako protokoloa jarriko dugu abian, hau da, udaletxean herriko beste elkarteekin abian jarritako protokoloa jarriko genuke martxan, laguntza eskatu, erasotuak nahi izanez gero salatu, eta prozesu guzti horiek.
Horrez gain, aipatu nahiko genuke Emakumeon Etxea Santio jaietan izango dela gune seguru bat, beraz, emakumeren batek behar badu laguntza lasaitzeko, zerbait kontatzeko badu, edo babestua sentitu nahi badu, Emakumeon Etxeko ateak irekita edukiko ditu.
Zenbateko taldea osatu duzue?
Eguneko 10 bat boluntariok osatuko dute Brigada Morea, eta denok emakumeak gara, egunean hiru turno eginez.
Beste herrietan etxera laguntzeko zerbitzua eskaintzen duten taldeak badaude, zein da zuen iritzia?
Aipatu moduan, Astigarragan 2019an egin zen aurrenezko laguntza zerbitzua, ideia etorri zen beste herrietan ere egiten zelako, beraz, uste dugu herri guztietan edo gehiengoetan egiten bada, geroz eta antolatuago egongo garela, geroz eta babestuago, eta erasoak saihesteko modu bat izan daiteke. Emakumeok ez gara askeak, ezin dugu modu libre batean ibili kalean, tristea bada ere, errealitatea bortitza da. Baina berriro diogu, geroz eta antolatuago, geroz eta kontzienteago izango gara bizi dugun egoeraz, eta geroz eta babestuago egon gaitezke gure artean, erasoak murrizteko aukerak haundituz. Argi dagoena da ez bagara emakumeon artean babesten herritar gisa, beste inork ez duela egingo, ez gobernuak, ez politikariak, ez eta poliziak. Beraz, hor dago giltza, gure artean babestu eta gure artean zaindu.
Beraz, etxera joateko laguntza behar duenak, zer egin behar du? Nolakoa da funtzionamendua?
Guztira lau txanda egongo dira, hiru uztailaren 22tik 25era bitartean, goizeko 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan. Eta 26an txanda bakarra egongo da, 01:00etan.
Beraz, etxera joateko laguntza behar edo nahi duenak Emakumeon Etxera gerturatu behar du turnoa baino 10 minutu lehenago. Bertan egongo dira Brigada Moreko kideak txaleko moreekin. Bertan adostuko da zein izango den ibilbidea, bakoitza non bizi den identifikatuko da eta etxeraino lagunduko zaio etortzen den orori. Beraiekin egingo da bide guztia. Ez da zertan izena eman behar, beraz, etxera joan nahi duenak gure laguntzarekin, Emakumeon Etxera etortzeko gonbitea egiten diegu, etorri lasai.
Astigarragako baserrietara laguntzeko zerbitzua ere emango dugu noski, oinez joan ahal den tokietara lagunduko dugu.