Bihar gauean, Astigarragan emanaldia eskainiko duzu, nolakoa izango da?
Egia esan Astigarragan emanaldia eskaintzeko gogoz beteta nago. Izan ere, biharko emanaldian ilusionismoa landuko da, hau da, emanaldi ikusgarria izango da, espektakularra. Pertsonak desagerraraziko ditut, publikokoren batek hegan egingo du…
Bihar astigartarrek, sekulako ikuskizuna ikusteko aukera izango dute, nire ibilbidean egin ditudan emanaldi magikoenak eskainiko baititut. Horietako batzuekin sari internazionalak irabazi ditut, eta seguru nago astigartarrek gustura ikusiko dituztela.
Gaurko emanaldiaren baitan egingo dudan ikuskizun bat, magia munduan egiten diren arriskutsuenetako bat da: 500 litro ur dituen bidoi batean sartuko naiz, eta lotuta egongo naiz barruan. Bidoi hau, kristalezkoa denez, kanpotik ikusiko da ur azpian nagoela, gorputz osoa lotuta dudala, kateekin, kandaduekin… Eta nire helburua izango da hiru minutu baino gutxiagotan ihes egitea bertatik.
Ikuskizun hau Harry Houdinik egiten zuen, eta erreferentzia hartuta, horixe bera egitea erabaki nuen, ikusgarria delako. Hala ere, ikuskizun hau eguneratu egin dugu, eta gaur egunera ekarri. Publiko guztiari zuzendutakoa izango da, familia giroan ikusteko eta gozatzeko emanaldi bikaina, hain zuzen ere.
Beraz, familiako kide guztiek gozatzeko egindako ikuskizuna da biharkoa, ezta?
Bai, txikiek Disney Channeleko El club Hudini telesailetik ezagutuko naute, eta helduentzat zuzendutako emanaldia ere badela esan genezake; emozioak lantzen dira, haurrekin momentu goxoak biziko ditugu, sorpresak, tentsio momentuak, poesia ere landuko dugu. Horrez gain, 30 kilotako zilarrezko plantxaren beste aldera pasako naiz plantxa bera igarota. Inguruan publikoa egongo da eta ez da tranparik egongo. Indiara egin nuen bidaia batean, Fakir bat ezagutu nuen. Berak erakutsi zidan arima, gorputzetik banatzen. Beraz, saiatuko naiz arima gorputzetik aldentzen, zilarra igarotzeko.
Kontakizunen bat izango dute zure lanek…
Bai eta bihar, istorio bat kontatuko dut, oso polita gainera, Indiara bidaia egin nuenekoa. Bertako neskatxo batek galdetu zidan, ea elurra egitea lortzerik banuen. Orduan, elurraren ilusioari buruzko erakustaldi bat egin nion, eta Astigarragako publikoari berdina egingo diot, saiatuko naiz uztailaren 23an elurra egitea, eszenatokian. Beraz, ordu bete eta zerbait gehiagoko ikuskizun honek askorako emango du. Erritmo biziko emanaldia izango da, aipatu moduan, emozio askorekin, herritarren parte hartzearekin… Nire asmoa da, publikoa txundituta uztea, goza dezatela emanaldiarekin, eta geratu daitezela aho zabalik, magiarekin.
«Magiaren zaletasuna, txikitatik datorkit, nire pasioa izan da, eta momentu honetan nire ogi-bide bilakatu da, eta horrek zoriontsu egiten nau»
Azkenik, esan beharra dut, nire emanaldietara bi publiko mota etortzen zaizkidala: lehenengo aldiz etortzen direnak dira batzuk, hau da, magiaz gozatzera datozenak; eta besteak, berriz, sekretua harrapatzera datozenak dira. Horregatik, lehenengoei beti ematen diet ongi etorria eta bigarrenei, hau da, trukoa bilatzera etortzen direnei, zortea opa diet.
Noiz sorgindu zintuen magiak?
25 urte baino gehiago daramazkit magia munduan murgilduta. 7 edo 8 urterekin ikusi nituen lehen aldiz magoak magia egiten, eta nire arreta piztu zuen horrek. Nire kabuz ikasten hastea erabaki nuen, baina oso-oso zaila egiten zitzaidan, ez nituen gauza asko ulertzen. Hala ere, denbora aurrera joan ahala, 12 bat urterekin, magia asoziazioan galdetu eta beste mago batzuen laguntzarekin, asko ikasi nuen. Bidaietan ere asko ikasi dut, esaterako Las Vegasen, David Copperfield magoa ezagutu nuen, magoetatik nire gustukoena, dudarik gabe. Pixkanaka, beraz, esan daiteke modu autodidaktiko batean ikasi dudala. Baina magiaren zaletasuna, txikitatik datorkit, nire pasioa izan da, eta momentu honetan ere hala da. Eta pasio hau nire ogibide bilakatu da, eta oso pozik nago, zoriontsu egiten dit nire lanak, bokazioz egiten baitut.
«Bi publiko etortzen dira nire emanaldietara: batzuk, lehenengo aldiz etortzen dira magiaz gozatzera, eta horiei ongi etorri esaten diet».
Nolakoak izan ziren hasierak? Zure lehen emanaldia, gogoan duzu?
Lehenengo emanaldia, ikastolan izan zen. Gerora, bigarren emanaldi bat egin nuen Gasteizeko mago batzuekin batera, eta nik oroitzen dut, neure burua, karta erraldoi batzuen artetik agertzen zela, eta bapatean ‘Sun!’, ni agertzen nintzen karten tartetik.
Nire lagun bat zegoen emanaldi hori ikusten, eta amaitu genuenean, esan zidan: karten artetik ateratzean ‘Sun’ entzuten da. Eta arrazoi zuen, bapatean agertu nintzen, modu azkar batean, elektrizitatea bezala. Eta galdetu zidan: zergatik ez duzu izen hori erabiltzen mago gisa? Hau da, Sun magoa?
Asko gustatu zitzaidan lagunaren ideia, eta hortik dator Sun Magoa. Nik egiten dudan magia oso pertsonala da, inpaktu asko du eta sorpresa haundia eramaten du jendeak normalean, indar haundiko magia egiten dut.
«Eta beste publiko bat dago, bigarren aldiz etortzen dena emanaldietara trukoa non dagoen harrapatzera. Horiei Zortea opa diet!»
Kalean eta telebistan, ezberdintasun asko dago?
Nire ustetan, magiaz, kalean disfrutatzen da, hau da, zuzenean ikusten. Telebistan asko galtzen du, eta azkenean askok diote telebistan edozein truko dagoela atzean. Aldiz, kalean zure begi propioekin ikusten duzu, eta txundituta gelditzen zara. Beraz, bihar gauean dena emateko prest gaude, astigartarrak aho zabalik uzteko asmotan.
Sekretupekoren bat kontatuko zenuke?
Nik beti diot, magiak daukan gakoa dela disfrutatzea, eta ez pentsatzea trukoak daudela. Denok dakigu trukoak daudela bai, baina magiak duen ezaugarri politenetako bat hori da, imajinazioari bere bidea egiten uztea, ilusionismoa elikatuz.
Azkenean, magia emanaldi batek ez du magoak eskaintzen duena bakarrik, argiztapenak ere magia ikusgarriagoa egiten du, komunikazioak ere bai… inguruko baliabideek asko suposatzen dute emanaldi ikusgarri bat eman nahi duzun momentuan.
Eta galderari erantzunez, ez nuke trukorik agerian jarriko, magia hautsiko litzakeelako.
Publiko zehatz bat daukazu?
Publiko guztiarentzako emanaldiak eskaintzen ditut, hala ere, nire ikuskizunetara etortzen direnak, familiak izan ohi dira. Asko gustatzen zait magiak daukan publikoa, eta zehazki nik daukadana. Izan ere, gogoko dut umeekin aritzea, eta helduekin ere bai noski. Emanaldian, umeekin egin izan ohi ditut eszena oso hunkigarriak, eta hor armonia eder bat sortzen da. Egoera barregarri batzuk ere bizi izan ditugu umeen laguntzarekin.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Urteetan eta txikitatik gehien gustatu zaidan magoa David Copperfield izan da. Harry Houdini ere bai, ihesaldiak egiten zituelako eta niri horrek zur eta lur uzten ninduen. Esan dezaket, gaur emango dudan emanaldiko ihesaldia, Harry Houdini magoari esker izan dela, beragandik ikasitakoa da, beraz, berak egin du posible. David Copperfileld magoagandik ikusgarria den guztia hartu dut, eszenografia, esaterako.
Esan dezakezu, Harry Potter sagak, edo magiari buruzko pelikulek, eragina izan dutela gizartean?
Noski, egon dira pelikula oso interesgarriak, esaterako ‘Truco final’ oso erabilgarriak izan direnak, eta mezu indartsu bat helarazten zuten asko egon dira. Baina bai, mota honetako pelikulek asko lagundu dute magian sinesten. Lagundu dute haurrek eta gaztetxoek edukitzea interesa ezezaguna den horretan.
Ihesaldietan, lebitazioetan eta ilusionismoan aditua zara, nola egiten duzu hau?
Gaurko ikuskizunena, hirurak jarriko ditugu oholtza gainean. Ihesaldia izango da, ur bidoiarena: bertatik ihes egiten saiatuko naiz, lotuta egonda. Publikoko bolondresen bat animatuz gero, saiatuko gara honek hegan egiten. Eta horrez gain, pertsonaren bat desagertuko da, segundu batean, oso-oso modu azkar batean.
Hala ere, emanaldian eskainiko dugun guzti honekin nahi dugu jendeak mota guztietako sentsazioak izatea, sustoa, poza, harridura, umorea…
Eta azkenik, nola ikusten duzu magiaren etorkizuna?
Nire ustetan, magiak etorkizun luzea du. Jendeak gustuko du ondo pasatzea eta sorpresak jasotzea, harrituta gelditzea… Denok behar dugu hori, zerbaitekin ilusionatzea. Eta zentzu horretan magoa beti saiatuko da magiaren interesa pizten.