Gai guztiak onartuta geratu ziren, astearte arratsaldeko plenoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 21a, 00:00

Arrobitxulon hiri igogailua jartzeko obra kontratuaren aldaketa onartu zen.

Arrobitxulon hiri igogailua jartzeko obra kontratuaren aldaketa aho batez onartu zen.

Astearte arratsalderako deitu zuten Astigarrako Udaleko ohiko osoko bilkura, udaletxeko pleno aretoan. Aurreko akta onartuta, lehenengo gaiari heldu zioten, 2021eko kontu orokorrari onarpena emanez; eta jarraian, kreditu aldaketa baten berri eman zuten.

Ondoren, Arrobitxulon hiri igogailu bat jartzeko obra kontratuan egin beharreko aldaketa bati buruzko azalpenak eman zituen Aintzane Barandiaran alkateordeak, jarraian adierazitako aldaketa edo obra gehigarriak egiteko: «igogailuaren behe solairuko sarbidea aldatzea, eta igogailua bi sarbide izatetik hiru izatera pasatzea; eta honekin batera, igogailuaren sarrerako urbanizazioa aldatzea, itxaroteko eta espaloitik irteteko eremuan galtzadaren bihurgunearen trazadurari dagokionez; harrobiaren egonkortze lanek eragindako atzerapena eta hori gauzatzeko egin beharreko lan osagarriak; egituraren konplexutasuna dela eta, baliabide lagungarri haundiagoak jartzea; nukleoa inguratzen duten beiren ertzak leundu eta junkillo desmuntagarriak jartzea; zorua aldatzea, iraupen gehiago duen eta ezaugarri irristagaitz hobeak dituen batengatik; ikastolaren itxura-horman hesi berri bat jartzea; nukleoaren zimentazio lanetarako prezio berriak ezartzea; Segurtasun eta Osasun partidaren kopurua haunditzea; eta hondakin kudeaketa partidaren kopurua haunditzea».

Behin arrazoiak azalduta, kontratu aldaketa honek dakarren gastuari aurre egiteko kontratuaren zenbatekoa 76.792,21 (BEZa aparte) eurotan haunditzea dakarrela azaldu zuen. Eta azkenik, erabaki zen akordioaren berri emango zitzaiola Construcciones Moyua SL enpresari, obra zuzendaritzari eta Udaleko kontuhartzaileari.

 

Ergobiko bizilagun baten kezka, galderen puntuan

Informazio, galdera eta eskarietan, Ergobiko auzotar bat gerturatu zen, egun bizi duen egoera kontatzeko asmotan, eta soluzio bat bilatu nahian: «Ergobin bizi naiz, eta nire etxeko sukaldeak, terraza batera ematen du. Nik terraza hau egunerokotasunean erabiltzen dut, bertan daukat butanoa, bizikleta, arropa, landareak... Eta bertara nire etxetik bakarrik sartu daiteke. Dirudienez, terraza hau ez da ni bizi naizen etxearen jabearena. Ekainean, Ergobin obran lanean zebilen langile batek aipatu zidan terraza hori bota egingo zela, uztailaren 31 baino lehen. Hau atzeratzea lortu nuen, baina momentu honetan ez dakit zein den terraza hau botatzearen egoera. Nik itxarotea eskatzen dut».

Honen aurrean, Udalak erantzuna eman zion, aipatuz ordenantzatik kanpo dagoen terraza bat dela, eta  Plan Orokorrak hau botatzea behartzen duela. Gainera, «terraza horrek ez du jaberik», argitu zutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!