Santio Jaiak 2022

Astigarragako Udalak eta AFADEk hitzarmena sinatu dute, Santio Jaietako feriak arautzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 21a, 00:00

Aurtengo Santio Jaietan ere, haur eta gazteen gozamenerako feriak jarriko dira.

Feriak bihartik uztailaren 27ra arte egongo dira Donostia ibilbidean, eta hitzarmenari esker lortu da feriek herritarrentzat prezio merkeak izatea.

Aurtengo Santio Jaietan ere, haur eta gazteen gozamenerako feriak jarriko dira Astigarragan. Hau guztia arautzeko, Udalak eta AFADEk (Euskadiko Feriari Autonomoen Elkartea) hitzarmena sinatu dute. 

Feriak Donostia Ibilbidean kokatuko dira, eta bihartik uztailaren 27ra bitartean egongo dira martxan. Hala ere, instalazioa atzo hasi zen, eta uztailaren 28an jasoko dute; beraz, egun horietan, Donostia Ibilbidea itxita egongo dela jakinarazi du Udalak. 

Honakoak dira AFADEK aurtengo Santio Jaietan jarriko dituen feriak: pista txikia, olla txikia, erratza, baby, ohe elastikoak, ahate arrantza, igela, auto pista, tiroa eta txurro denda. 

 

Prezio bereziak

Aurten, Astigarragako Udalak prezio bereziak adostu ditu AFADErekin, «feriak herritar guztien eskura egon daitezen, eta herriko haur eta gazte guztiek horietaz gozatzeko aukera izan dezaten», nabarmendu du Udalak. Beraz, gehienezko prezioak zehaztu dituzte, egun bakoitzerako. Uztailaren 26an eta 27an, euro bat izango da gehienez ere fitxako, aparatu guztietan. Eta bihartik 25era, honakoak: haurtxoentzako aparatuen fitxa bakoitza gehienez ere 1,80 euro, eta 8 fitxako bonua 10 euro; bestelako aparatu mekanikoetan fitxa bakoitza gehienez ere 2 euro, eta 7 fitxako bonua 10 euro; tiroan eta ahateetan fitxa bakoitza euro bat, zazpi fitxa 5 euro, berezia 2 euro, bola bat 0,50 euro eta sei bola 2 euro; eta azkenik, txurroetan, dozena gehienez 4 euroan. 

Musikari dagokionez, jartzen den ferietan, euskerazkoa jarriko da soilik, aparatu guztietan.

Eta ondoko ordutegian izango da posible musika jartzea: bihartik 25era 02:00ak arte; uztailaren 26an 00:00ak arte; eta uztailaren 27an 22:00ak arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!