Madagascarreko onddo inbaditzailea, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 16a, 00:00

'Favolaschia calocera' onddoa, Astigarragan. Argazkia: Parkea Bizirik

Parkea Bizirik elkarteak salatu du herriko baso txiki batean agertu dela onddoa, 'Favolaschia calocera' izenekoa.

Astigarragan onddo inbaditzaile bat agertu dela salatu du Parkea Bizirik Kukulunbera elkarteak. Favolaschia calocera izena du onddoak, Madagascarrekoa da jatorriz, eta herriko baso txiki batean agertu dela adierazi du Parkea Bizirikek. Txorientzako habi-kutxak berrikusten ari zirela topatu zuten onddoa.

Elkarteak azaldu duenez, hildako egurraz elikatzen da onddo inbaditzaile hori, eta sustantzia toxikoak zabaltzen ditu, beste onddo espezie batzuen konpetentzia saihesteko; tartean, onddo autoktonoena. Parkea Bizirikek dio, Italian egin zuela aurreneko agerraldia onddoak Europan, 2002 urtean: «ordutik, mugarik gabe zabaldu da, eta egurraren komertzioak mundu mailan zabaldu du. 2010ean Oiartzunen detektatu zuten».

Zentzu horretan, elkarteak azaldu du espezie exotiko inbaditzaileek arriskuan jartzen dutela «bertako aniztasun biologikoa, eta horrekin batera, baita ekosistemen egitura bera ere. Habitaten suntsipenarekin batera, bertako espezieak desagertzeko arrisku nagusia dira», salatu du Parkea Bizirikek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!