Datorren ostiralean hasiko dira Santio Jaiak Astigarragan, eta aurreko asteburuan, ohikoa den bezala, hainbat ekintza izango dira, motorrak berotzen hasteko. Bina hitzordu jarri zituzten gaurko eta biharko, baina bertan behera geratu da horietako bat: atzeratu egin dute Kros Herrikoia, gaur arratsaldean jokatzekoa zena, bero haundia dagoelako iragarrita. Urriko aurreneko asteburuan egingo dute, jakinarazi dutenez.
Gaurkoan faltako ez dena, musika izango da. Beietz taldeak girotuko du arratsaldea, Joseba Barandiaran plazan kontzertua eskainita, 19:00etan hasita.
Orientazio proba familian, bihar goizean ibai parkean
Bihar izango dira asteburuko beste bi jarduerak. Goizean, Andre Gobadarien ibai parkean jarri dute hitzordua, eta orientazio proba egingo dute, familian. Horrela, haurrak gurasoekin batera ariko dira, pistak bilatuz, ibilbidea osatzeko saiakeran. Goizeko 10:30etatik 12:30etara izango da zirkuitua egiteko aukera. Ordubete inguruko iraupena aurreikusi dute ibilbidea osatzeko, eta parte hartu nahi dutenek, goizeko 10:00etatik eguerdiko 12:00etara eman dezakete izena.
Kirola egiteko arropa eramatea gomendatu dute, eta probaren bukaeran, hainbat opari zozketatuko dituzte, partehartzaile guztien artean.
Maila haundiko pelota jaialdia, bihar arratsaldean
Bihar arratsaldean, berriz, pelota jaialdi potentea antolatu du Mundarrok, Txomiñenen. Arratsaldeko 17:15etan hasita, bi partidu jokatuko dituzte, maila haundiko esku pelotariekin; tartean, Aspe zein Asegarce enpresekin profesional izandako hainbat. Aurreneko partiduan, Barandiaran eta Apezetxea ariko dira, Arretxeren eta Gurutzealderen kontra. Eta bigarrenean, aurrez aurre ariko dira, profesionaletan onenen artean aritutako bi aurrelari: Xala eta Oinatz Bengoetxea. Alduntzinekin batera ariko da Xala, eta Jokin Santxez astigartarra izango du lagun Bengoetxeak.
Ikusmin haundia piztu du jaialdiak, eta doakoa da sarrera. Hortaz, lepo beteko da Txomiñeneko frontoia, beste behin.
3x3 saskibaloi txapelketa bueltan, uztailaren 23an
Izango da kirolik, Santio Jaietako egunetan ere. Are gehiago, urteroko klasiko bat izango da bueltan, Mundarrok antolatuta: 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatuko dute uztailaren 23an, larunbatarekin. Edizio borobila izango du gainera, 20garrena, Iker Ruiz Barandiaranen omenez jokatzen den torneoak. Kiroldegian izango da, egun osoan zehar, goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte. Lau kategoria izango dira: seniorrak, juniorrak, kadeteak eta infantilak. Eta bakoitzean, emakumezkoen zein gizonezkoen torneo bana jokatuko dute, gutxienez lau talde apuntatuz gero.
Lau kideko taldeetan eman behar da izena: hiru hiruren kontra ariko dira jokoan, kantxa erdian eta saski bakarrean; eta suplente bezala egongo da laugarrena. Taldeak nahi duenean egin ditzake aldaketak.
Parte hartu nahi duten taldeek, uztailaren 22ra arte daukate izena emateko aukera, ostiraleko 14:00ak arte. Horretarako, formulario bat prestatu dute interneten, helbide honetan: t.co/rvds/ZmDNES.
Senior mailako txapelketan, 24 eurokoa da taldearen izenematea, eta Laboral Kutxako kontu korronte honetan egin behar da ordainketa, taldearen izena aipatuta: 3035 0214 3421 4001 9016. Ondoren, ordainagiria bidali behar da emailez, helbide elektroniko honetara: astigarraga3x3@gmail.com.
18 urtetik beherako lau jokalarik osatutako taldeek, berriz, ez dute izenematea ordaindu beharko, baina beharrezkoa da izena ematea.
Senior mailan, dominak eta 200 euroko saria jasoko du emakumezkoen zein gizonezkoen talde onenak. Junior, kadete eta infantiletan, berriz, dominak jasoko dituzte irabazleek.
Mundarrok azaldu du, «beti bezala», txapelketaren asmoa dela «saskibaloian jokatzera ohituta daudenak eta hain ohituta ez daudenak biltzea. Txapelketa herrikoia egin nahi dugu, eta ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Azken finean, Ikerri omenaldia egitea izan da beti lehiaketaren benetako funtsa».