Kros Herrikoia eta orientazio proba, motorrak berotzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 13a, 00:00

Santio Jaiak berotzen hasteko, ohi bezala, hainbat ekintza antolatu dituzte asteburu honetarako, Astigarragan. Horrela, larunbat arratsaldean, Kros Herrikoia izango da, herriko kaleetan. 17:00etan abiatuko dira korrikalariak, Kale Nagusitik (esne makinaren paretik), eta 5,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Zarkumendegira joan-etorria eginda, besteak beste. 15 urtetik gorakoentzat izango da, eta doakoa da, baina izena eman beharko da: ostiralera arte kiroldegian, eta larunbatean irteera gunean 16:00etatik 17:00etara. Saria izango dute aurreneko emakumeak eta gizonak, eta opariak zozketatuko dituzte partehartzaile guztien artean. Lasterketaren ondoren, Beietz taldearen kontzertua izango da Joseba Barandiaran plazan, 19:00etan hasita.

Iganderako, berriz, beste bi hitzordu jarri dituzte. Orientazio proba egingo dute goizean, familian: gurasoak, seme-alabekin batera. Andre Gobadarien ibai parkean egingo dute, 10:30etatik 12:30etara. Egunean bertan eman beharko da izena, 10:00etatik 12:00etara, doan. Opariak zozketatuko dituzte probaren bukaeran.

Eta asteburua borobiltzeko, maila haundiko esku pelota jaialdia prestatu du Mundarrok Txomiñenen, igandean 17:15etan, hainbat profesional ohiekin. Aurreneko partiduan, Barandiaran eta Apezetxea ariko dira, Arretxeren eta Gurutzealderen kontra; eta bigarrenean, Xala eta Alduntzin, Bengoetxea­ren eta Santxezen kontra. Doakoa izango da sarrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!