Bi urteko etenaldiaren ondoren, aurten «ilusio bikoitzarekin» ospatuko dituzte Santio Jaiak astigartarrek. Hala nabarmendu zuen Aintzane Barandiaran alkateordeak atzo, Santiotako egitarauaren aurkezpenean. Uztailaren 22an emango diete hasiera, ostiralarekin; eta bost eguneko festaren ondoren, hilaren 26an bukatuko dira, Santa Ana egunez.
Gure Izarra elkartea arduratuko da txupinazoa botatzeaz, eta keinu bat egingo diote bere 100garren urteurrenari: arratsaldeko 19:22etan botako dute (elkartearen sorrera urtearen omenez), 19:00etan beharrean. Gainera, herriko elkarte guztiak zoriondu nahi izan zituen Aintzane Barandiaranek, Udalaren izenean; eta eskerrak eman zizkien, «urtean zehar egiten duten lanagatik, eta Astigarragari ematen dioten bizitasunagatik». Gure Izarrak ez ezik, beste hainbat elkartek ere dute urteurren borobila, aurten.
Hain justu, Santio Jaiak antolatzeko izan den elkarlana nabarmendu zuen alkateordeak, eta adierazi zuen, «oso garrantzitsua» dela jai herrikoiak izatea, «herritarrek herritarrentzat sortutakoak». Maiatzean hasi ziren Santioak antolatzen, herriko elkarte desberdinak, Jai Batzordean elkartuta. Eta horrela osatu dute «egitarau zabala, anitza, oparoa eta publiko desberdinei zuzendutakoa».
20 musika emanaldi baino gehiago, eta dozenaka ekintza
Bost egunez, dozenaka ekintza, emanaldi eta ikuskizun izango dira Santio Jaietan, adin guztietarako. Haurrak izango dira jaiez gozatzen aurrenekoak, ostiralean eguerdiko 12:00etan botako baitute txupinazo txikia. Hortik aurrera, ez dira faltako erraldoi eta buruhaundiak, haurrentzako bazkaria, txokolatada, pailazoak, jolasak, ur parkea, feriak, zezensuzkoa... Asko eta asko izango dira, publiko orokorrari zuzendutako ekintzak ere: lau bazkari (Marmitakoa, Gazteena, Erretiratuena eta Presoen Elkartasun bazkaria), Sun magoa, koktel tailerra, 3x3 saskibaloi txapelketa, Matraka eta Pasai txarangak, bertsolariak, dantza emanaldiak, kale antzerkia, danborrada, herri kirolak, idi dema...
Eta nola ez, musika; makina bat musika emanaldi, 20 baino gehiago, bost gunetan banatuta. Kontxa Etxeberrian ariko dira ETS taldea, Hondarribiko Musika Banda eta DJ Nemux. Joseba Barandiaran plazan izango da kontzertu gehien: The Spolen Girls, Anita Parker, Kai Nakai, Kresala, Zozongo, Goxuan Saltsa, Imperial mariatxia, Balkan Paradise Orchestra eta Laiotz. Gazte Asanbladaren txosnan ariko dira Eider, Ostaizka eta Garoa DJak, Bassagain, Burutik, Rodeo, Zu lo, Yakolev eta Andoni Ollokiegi. Sagardo Plazan joko du Jose Trincadok, eta Norberto Almandoz plazan Duo Imperialek.
«Jai berdinzale eta seguruak» izateko deia, herritar guztiei
Jaietako egitaraua ez ezik, indarkeria matxistari aurre egiteko hartutako neurriak ere aurkeztu zituzten atzo, eta bertan izan ziren Gazte Asanbladako, Xaguxar Aisialdi Taldeko, Gaztelekuko eta Emakumeon Etxeko ordezkariak. Deia egin zieten herritar guztiei, «jai berdinzaleak eta seguruak» izan daitezen; eta aldarrikatu zuten, ez dutela inolako jarrera matxista edo sexistarik onartuko: «jaiak modu seguruan, inolako indarkeriarik pairatu gabe, etxera joateko beldurrik sentitu gabe eta kezkarik gabe bizi nahi ditugu; eta horretarako, ezinbestekoa da guztion inplikazioa».
Horretarako, batetik, indarkeria matxista kasuetarako protokoloa landu dute, edozein erasoren aurretik, bitartean edo ondoren jarduteko tresnak biltzen dituena, eta bereziki tabernariei helarazi zaiena. Udalaren webgunean eta lotura honetan bertan dago eskuragarri protokoloa. Eraso matxisten prebentzio eta arretarako karpa ere jarriko dute, uztailaren 22an, 23an eta 24an, 23:00etatik 04:00etara, tabernen inguruan.
Horrez gain, alkoholaren eta sustantzien kontsumoarekin zerikusia duten arrisku jarduerak minimizatzeko asmoz, lau hezitzailek sustantzien kontsumoen prebentzioa egingo dute herriko kaleetan zehar, uztailaren 23an, 23:00etatik 03:00etara, adingabeengana gerturatuz.
Eta azkenik, «etxerako bidea lasai eta seguru» egiteko, Brigada Morea antolatu dute zenbait emakumek, etxera bakarrik joan nahi ez dutenei laguntzeko. Hainbat txanda zehaztu dituzte: uztailaren 22tik 25era, 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan; eta hilaren 26an, 01:00etan. Norbere txanda baino 10 minutu lehenago Emakumeon Etxearen atarira gerturatu, eta bertan izango dira brigadako boluntarioak, txaleko morearekin, herritarrak etxera laguntzeko prest. Bide batez, boluntario gisa aritzeko gonbitea luzatu dute, Emakumeon Etxearekin harremanetan jarrita.