Jakinaren gainean daude Urumea bailarako herritarrak, Urumea ibaian zehar hainbat motatako eta tamainatako hondakinak pilatzen direla. Eta hau kontutan izanik, Astigarragako Udalak Urzain enpresa kontratatu du, ibaia garbitzeko asmotan.
Udalak aditzera eman du, ekimen honen helburu orokorrak honako hauek direla: «kutsatzaile plastikoek landarediari eta faunari eragindako kalteak murriztea, espazio natural horietan bizi den faunarentzako habitat-baldintzak hobetzea, elementu kutsatzaile fisiko zein kimikoen kargak murriztea espazio hidrikoetan, eta espazio natural horietatik itsasora iristen diren hondakinak % 90 murriztea eta kontrolatzea, besteak beste» Gainera, Udalak argi utzi du, Urumea Astigarragako ardatz bihurtu dela, «eta garrantzitsua da ibaia garbi, txukun mantendu eta herritarren eskura jartzea».
Mota guztietako hondakinak aurkitu ditu Urzain enpresak, Urumean
Mota ezberdinetako hondakin ugari ikusi daitezke ibai ertzeko ibar basoan zabalduta, nahiz zuhaitz eta landarediaren adarretan trabatuta, hala nola, plastiko arinak, plastiko gogorrak, neumatikoak, toailitak, arropak... Jasotako hondakin guztiak sailkatu eta Hernaniko Garbigunera eramaten dira. Guztira garbitutako eremu osoaren azalera 46.299 metro karratukoa da.