Pandemiagatik urtebeteko atzerapena izan ondoren, 2022an Cant'A Choeur jaialdiaren 16garren edizioa ospatuko da asteburu honetan eta bertan izango da Eragiyok abesbatza. Bi kontzertu eskainiko ditu: lehena, bihar izango da, Akizeko Andre Mariaren katedralean bakarka arituko da 20:30etatik aurrera. Programa euskal eliz-musikaz eta folkloreaz osatuta egongo da. Biharko kontzertuaz gain, etzi ere, kontzertua eskainiko dute Eragiyokeko kideek: «larunbatean jaialdiak amaiera ikusgarria izango du, abeslari guztiak bilduko baititu Hastinga herriko Arthouseko abade etxean. XII. mendeko monastegi honetako patioko oholtzara igoko dira 150 kantari baino gehiago, koru bakoitzak bere kantuen lagun bat eskaintzeko eta amaieran batera kantatuko dute.
Asteburu honetako jaialdia, 1989an sortu zen Frantziako Iraultzaren bigarren mendeurrena ospatzeko eta lehenengo ekitaldietan Festival International de Chant Choral du Pays d' Orthe moduan ezagutu zen. Urtetik urtera eskualdean nagusitasun haundiagoa hartu du, eta hainbat herrialdeetako taldek hartuko dute parte, besteak beste: Espainia, Katalunia, Frantzia, Italia...
Eragiyok finalista, FICCen
Iaz Bartzelonako Festival Internacional de Cant Coraleko lehenengo saria eskuratu eta gero, berriro ere finalerako aukeratu ditu jaialdiaren epaimahaiak Eragiyok abesbatzaren bi bideo: San Inazio egunez Astigarragako elizan emandako Ilunabarra eta Salve, Regina. Finalista guztien bideoak astelehenean ikusi ahal izan ziren Kataluniako Abesbatzen Federazioaren Youtube-ko atariaren bitartez eta irabazleen izenak igandean iragarriko dituzte.