Santiomendiko «ingurune preziatua» izango da protagonista nagusia, aurtengo Astigarraga Aldizkarian

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 3a, 00:00

Santiomendi, aurtengo Astigarraga Aldizkariaren portadako argazkian.

Edizio mardula prestatu dute, 72 orrialderekin; eta datorren ostiraletik aurrera egongo da eskuragarri, Erribera kulturgunean, Goxua, Valella eta Ogi Berri okindegietan, eta Ainhoa janaridendan. Trukean, borondatea eskatuko dute.

41garren edizioa izango du aurtengoa, Astigarraga Aldizkariak. Datorren ostiralean kaleratuko dute, uztailaren 8an; eta 40garren urteurreneko ospakizunen ondoren, indartuta dator Aldizkaria: ohiko 52 orrialdeetatik, 72 orrialdera pasa da. Horietan, Santiomendiko «ingurune preziatua» izango da gai nagusia, «ikuspegi historiko zein paisajistikotik, landareen eta animalien biodibertsitatetik, eta nekazaritzako ikuspegitik» landutako artikuluarekin.

Aldizkariaren lantaldeak nabarmendu du, «herritarren babes haundia» daukala Aldizkariak: «duela gutxi egindako gogobetetze inkestan islatu da, eta emaitzak edizio ho­netan jaso dira. Irakurleek nabarmendu dute, historia, kultura eta gai herrikoiak dituztela atalik gogokoenak».

Hori horrela, atal horietan jarri dute indarra beste behin. Gai historikoei dagokienez, bost dira aurtengo alean jasotako artikuluak: Ermañamendi eta Santiyomendi; Goiko Iturriko garbitegi berria; 1918ko gripearen pandemia; Astigarragako ibaia; eta herriko abesti eta doinuak.

Kultur gaiek ere toki nabarmena izango dute Aldizkarian: Irati Oskozek herriaren bizitzari buruz egindako horma-irudia; Sagardoetxeko sagardoaren kulturaren aldeko lana; Talaiari zaharra Urtzi Leoneten abentura-liburuaren laburpena; ikasleek Bertizera egindako irteeraren kronika; eta Kiriketa haurreskolako langileen ekarpena.

Hainbat elkarrizketa ere bildu dituzte aurtengo alean, honako protagonistekin: «Xabier Urdangarin alkatea, Maria Jesus Baztarrika merkatari ezaguna, Moldaviako bizilagun naturala, Miel Joxe Astarbe txistulari ku­ttuna, eta gure herrian bizi diren Ukrainako hainbat familia».

Alea borobiltzeko, toki berezia egin diete herriko talde eta elkarteen ekimenei: Mugi Astigarraga, autobus zerbitzu publiko eta duinaren aldeko plataforma; Gure Izarra elkartearen 100garren urteurrena; Gazte Asanbladaren jarduerak; Gau Beltza herri ekimena; eta Mundarro Kirol Elkartearen 40garren urteurrena.
 

Uztailaren 8tik eskuragarri, herriko dendetan eta Erriberan

Datorren ostiralean, uztailaren 8an, zabalduko dute aurtengo Astigarraga Aldizkaria; eta eskuragarri egongo da Goxua, Valella eta Urumea Berriko Ogi Berri okindegietan, Ainhoa janaridendan, eta Erribera kulturgunean. Ohi bezala, herritarrak animatu dituzte Aldizkaria hartzeko unean «borondatez herri ekimen honen alde egin nahi duten ekarpen ekonomikoa egitera».

«Pozik» agertu da Astigarra­ga Aldizkariaren lan­taldea, «dokumentu historiko-kultural berri hau» gauzatu izanagatik. Eta era berean, eskerrak eman dizkie herritarrei, «urtez urte ematen diguzuen babesagatik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!