Laugarrenez jarri du martxan deskontu bonuen kanpaina Astiko elkarteak, Astigarragako Udalaren laguntzarekin. Eta oraingoan, %20ko deskontua duten bonuak jarriko dituzte salgai, herriko 33 establezimendutan erabiltzeko: merkataritzakoak 9, ostalaritzakoak 12, eta zerbitzuetakoak beste 12.
Bihar eguerdiko 12:00etan jarriko dituzte bonuak eskuragarri, astiko.eus webgunean; eta uztailaren 31ra arte izango da horiek erosteko aukera. Aurreko edizioetan bezala, lau bonu mota jarri dituzte salgai: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak. Establezimendu bakoitzak erabaki du, horietatik zein bonu jarri aukeran.
Irailaren 30era arte, bonuak erabiltzeko aukera
Kanpaina honetan erositako deskontu bonuak, udara osoan zehar erabili ahal izango dira, establezimendu horietan. Izan ere, irailaren 30a da azkeneko eguna, horretarako.
Astiko elkartearen eta Udalaren «elkarlanari esker» eskaini ahal izan dute %20ko deskontua. Bonuaren balio osoa erabiliko dute herritarrek, establezimenduetan gastatzerakoan; baina %80a soilik ordainduko dute, bonu horiek eskuratzean. «Udalak Astikori emandako dirulaguntzaren zati bat bideratuko da deskontuetara», herriko merkatari eta ostalarien elkarteak jakinarazi duenez.