Herriko jaietan etxera bakarrik itzuli nahi ez dutenei laguntzeko 'Brigada Morea' sortu da, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 2a, 00:00
Brigada Morean parte hartzen duten emakumeek txaleko morea jantziko dute.

Binaka edo hirunaka egingo dute lan, uztailaren 22tik 25era bitartean, hiru txanda egingo dira: 01:00etan, 03:00etan, eta 05:00etan. Txandak betetzeko emakumeak behar dira. Eta izena eman daiteke emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera idatzita.

Brigada Morea taldea sortu da, herriko jaietan etxera bakarrik itzuli nahi ez duten pertsonei laguntzeko asmotan: «etxerako bidea lasai eta seguru egin ahal izateko». Binaka edo hirunaka lan egingo dute. Uztailaren 22tik 25era bitartean, hiru txanda egingo dituzte, honako orduetan: 01:00, 03:00 eta 05:00etan. Uztailaren 26an, berriz, txanda bakarra egongo da, goizeko 01:00etan. 

Brigada Morean parte hartzen duten emakumeak Emakumeon  Etxearen aurrean elkartuko dira, txanda baino hamar minutu lehenago, eta txaleko morea jantziko dute soinean. Ondoren, etxera bakarrik itzuli nahi ez duten pertsonei, bi edo hiruko taldeetan lagunduko diete. 

 

Emakume gehiago behar dira txandak egiteko 

Brigada Moreak emakume gehiago behar ditu, eta txandetan izena emateko bi modu daude. Alde batetik, emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbide elektronikora idatzita; eta beste aldetik, Emakumeon Etxera bertaratuta, ordutegi honetan: astelehena, asteartea eta ostirala, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Asteazken eta ostegunetan, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. 

Izena emateko azken eguna uztailaren 14a izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!