Gaurtik hasita abuztua amaitu arte, kulturaz gozatzeko parada Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 1a, 00:00
Abuztuaren 5ean, Pauline eta Juliettek kontzertua eskainiko dute, Astigarragan. Argazkia: Emilie Drouinaud.

Emanaldietarako sarrerak hilabete hasieratik daude salgai, eta eskuratzeko hainbat modu daude: 'astigarraga.eus' webgunean, Erribera kulturgunean arratsaldez, edo leihatilan emanaldiaren egunean, ordubete lehenenago. 

Dagoeneko argitara atera da Astigarragako udako kultur agenda. Udako oporretan ez aspertzeko makina bat kultur emanaldi antolatu dira uztailean, abuztuan eta baita irailean ere. Gainera, udako kultur agenda honi, gaur emango zaio hasiera, 'zinema kalean' jarduerarekin. Gaurko eguraldi eguzkitsua aprobetxatze aldera, Con amor simon pelikula proiektatuko dute Erriberako atarian, gaueko 22:30etan. Gaztelaniaz izango da eta doakoa da. 

Datorren  astean, Txori kantazale kontzertua eskainiko dute Joana Otxoa de Alaizak eta Alex Gurrutxagak,  Xabier Leteren ildoan. Uztailaren 8an, izango da kontzertua, Erriberako teilatupean, arratsaldeko 20:00etan hasita. Sarrerak 8 euro balio du, helduentzat, eta 4 euro, txikientzat. Kontzertuaz gain, uztailaren 8an, 41.Astigarragako aldizkaria aterako da kalera, eta eskuragai egongo da, leku hauetan: Ainhoa janari denda, Goxua, Ogiberri, Valella okindegiak, eta Erribera kulturgunean. Aurtengo ale honetan, Santiagomendiko historia, paisaia, nekazaritza, eta landareen eta animalien aniztasunari buruzko artikuluak izango dira irakurgai, besteak beste. 

Datorren asteburuan, urteroko sardina jatea egingo da, eta  txotxa antolatu du Aurrera mutilak! Errealaren aldeko lagun elkarteak. Joseba Barandiaran plazan egingo da sardina festa, arratsaldeko 19:00etan hasita. 

Uztailaren 15ean, Alcarrás pelikula ikusteko aukera ere egongo da, gaueko 22:30etan, Erriberako atarian. Eta uztailari amaiera emateko, Astigarragako Eragiyok abesbatzak kale kontzertua eskainiko du, Emakumeon plazatik abiatuta, eguerdiko 12:30etan hasita.  Eta uztailaren 22tik 26ra Santio jaiek hartuko dute protagonismoa astigartarren artean. 

 

Abuztuan ere, ekintzak

Abuztuari ongi etorria emango diote Paulinek eta Juliettek, kontzertua eskainiz, Andre Gobadarien parkean, eta euria eginez gero, Erriberako atarian. Arratsaldeko 20:00etan emango zaio hasiera kontzertuari, eta doakoa da. Abuztua agurtzeko, Jaime Albarellos Correcherrek (JAC) kontzertua eskainiko du Andre Gobadarien parkean, eta euria eginez gero, Erriberako atarian. Kontzertu akustiko hau doakoa dela jakinarazi dute antolatzaileek.

 

Sarrerak eskuragai

Emanaldietarako sarrerak, hilabete hasieratik jarriko dira eskuragai, eta hainbat modutara lortu daitezke: astigarraga.eus webgunean sartuta, Erribera kulturgunera bertaratuta arratsaldez, edota leihatilan bertan, emanaldia hasi baino ordu bete lehenago.

 

EGITARAUA

ASTIGARRAGA

GAUR

22:30 Zinema kalean: 'Con amor simon'. Erriberako atarian 

UZTAILAK 8 

20:00  Txori kantazale. Xabier Leteren ildoan Erriberako teilatupean. 

41.Astigarraga Aldizkaria. Ainhoa janari dendan, Goxuan, Ogiberrin, Valellan eta Erriberan. 

UZTAILAK 9 

19:00 Sardina festa. Joseba Barandiaran plazan. Aurrera mutilak elkarteak antolatuta. 

UZTAILAK 15

22:30 Zinema kalean: Alcarrás. Erriberako atarian. 

UZTAILAK 31

12:30 Eragiyok abesbatzaren kale kontzertua. Emakumeon plazatik hasita. 

ABUZTUAK 5 

20:00  Musika: Pauline eta Juliette. Andre Gobadarien parkean. 

ABUZTUAK 26

20:00 Musika: JAC Jaime Albarellois Correcher. Andre Gobadarien parkean. 

IRAILAK 2 

20:00 Musika: Jade. Andre Gobadarien parkean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!