Donostia Ibilbideko berrurbanizazio obren esleipena, aho batez onartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 30a, 00:00
PSE-EEren mozioa babestu zuen EAJ-PNVk, Osakidetzaren inguruan.

Herritar batek bere kexa adierazi zuen, obrak egiteko moztuko diren zuhaitzengatik.

Asteartean bildu zen Astigarragako Udaleko Plenoa, ohiko deialdian; eta lantzeko puntu asko ez zeuzkaten arren, luzatu egin zen osoko bilkura, bi gairekin bereziki: Donostia Ibilbidea berrurbanizatzeko obrak, eta udalerrietan Osakidetzaren anbulatorioak ixtearen aurkako mozioak.

Aurreko Plenoko akta onartuta, eta kreditu aldaketa baten berri emanda, aho batez onartu zuten kontratu aldaketa, udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren bigarren lotean: aurreikusi gabe zegoen Haurreskolako leihoak garbitzeko diru partida, eta hori gehitu dute orain. Eta aho batez onartu zuten, baita ere, Erriberan jarri duten makinako poltsa konpostagarriak hornitzeko kontratazio espedientea.

Plenoko bosgarren puntuan landu zuten Donostia Ibilbidea berrurbanizatzeko obren kontratazio espedientea. Sasoi Eraikuntzak SL enpresak irabazi du lehiaketa, eta aho batez onartu zuten obrak berari esleitzea. Bozketaren ondoren, ordea, herritar batek hartu zuen hitza, eta bere kexa adierazi zuen. Obrak egiteko zuhaitzak moztearen kontra azaldu zen, eta nabarmendu zuen, «beti» dagoela alternatibaren bat, «hain garrantzitsuak diren zuhaitz hauek moztu beharrik ez izateko». Horregatik, proiektua aldatzea eskatu zuen, zenbait talde ekologistaren eta herritarren izenean eta azaldu zuen change.org plataforman 950 sinadura baino gehiago bildu dituztela eskaera horrekin. Andoni Gartzia zinegotziak erantzun zion, landu izan dutela gaia beraiekin: «badakizue ez dagoela beste aukerarik. Gainera, herrian zabaldu da 45 zuhaitz moztuko direla, baina ez da egia, 27 izango dira». Plenoaren bukaeran heldu zioten gaiari berriro, eta oposizioko alderdiek, EAJ-PNVk eta PSE-EEk, nabarmendu zuten «kontzientzia ekologikoa» badaukala Udalak, eta ahalik eta zuhaitz gutxien botatzeko lanean aritu direla.

LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren harira, adierazpen instituzionala ere aurkeztu zuten Plenoan. Adierazpenean, nabarmendu zuten Udalak bultzatu egin nahi duela «herrian LGTBI+ mugimendua sor dadin; eta bertan parte hartu nahi duen pertsona ororekiko, konpromezu irmoa adierazi nahi dugu. Horiei guztiei, Udalaren zein udal zerbitzuen prestutasuna eskainiko diegu. Erreferente eta norbanakoak aktibatzea sustatuko dugu, eta herrian sortzen diren ekimenak babestuko ditugu», azaldu zuen Aintzane Barandiaran alkateordeak.

Eta azkenik, mozio bana aurkeztu zuten EH Bilduk eta PSE-EEk, udalerrietan Osakidetzaren anbulatorioak ixtearen kontra, eta osasun sistema publikoa sendotu dadin aldarrikatzeko. Alderdi guztiek aitortu zuten, eskaeretan bat zetozela bi mozioak, baina mozioaren aurkezpen testuan zeukaten aldea. Hori horrela, EH Bilduren botoekin onartu zen bere mozioa, eta kontra bozkatu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EEk; eta alderantziz gertatu zen alderdi sozialistaren mozioarekin: EAJ-PNVk babestu zuen, baina EH Bilduk kontra bozkatuta, ez zen onartu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!