Bi sarirekin bueltatu da Petritegi sagardotegia, Alemaniako Frankfurt hiritik. Bertan egin dute Cider World 2022 Award nazioarteko sagardo lehiaketa, eta sagardotegi astigartarraren bi sagardok jaso dute errekonozimendua: urrezko domina lortu du Sagar Krash sagardoak, eta zilarrezko domina sagardo apardunak.
Frankfurten izan ziren Ioritz eta Argoitz Otaño anaiak, Petritegiko Otaño-Goikoetxea familiako seigarren belaunaldikoak; eta haiek jaso zituzten sariak, hiri alemaniarreko Palmengarten egin zuten ekitaldian, Meno ibaiaren ertzean.
Petritegiren sagardo berria da Sagar Krash: %95 Euskal Sagardoa, %5 fruta zukua, eta karboniko txinparta pixka bat. «Sagardo freskagarria da, alkohol graduazio baxukoa, eta oso egokia otorduen aurretik, terrazetan zein lana bukatzean edateko», nabarmendu du Petritegik. Joan den urtearen bukaeran, urrezko domina lortu zuen Asturiasko Gijonen egindako SISGA nazioarteko lehiaketan ere.
«Txinparta eta zapore freskagarria» dauka Petritegiren sagardo apardunak ere, eta nabarmendu dute, Franfurten lortutako sariak «edari berezi honen sendotzea» dakarrela. Izan ere, Petritegiren sagardo sarituenetakoa da: urte hasieran lortu zuen beste sari bat, Estatu Batuetan, Seattleko Cider Craft Awards sariketan.