Ostegunean daukate zita odol emaileek, Erriberako areto berrian

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 28a, 00:00
Joan den urteko ekainean, Herri Eskolako aretoan egin zuten odol-ematea.

18:30etatik 20:10etara izango da odola emateko aukera, eta hitzordua hartu behar da, goizean deituta.

Aste honetan izango dute hurrengo aukera astigartarrek, odola emateko. Izan ere, ostegunerako jarri du hitzordua Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean: arratsaldeko 18:30etatik 20:10etara izango da.

Kokalekua aldatu dute oraingoan, eta areto berria izango dute, odola emateko: Erribera kulturgunean egingo dituzte estrakzioak, Kontxa Etxeberria plazan. Iazko urrian ere, Erriberan bertan egin zituzten. Azkeneko urtean, hiru toki ezberdinetan egin dute odol-ematea: joan den urteko ekainean, Herri Eskolako aretoan egin zuten, aurretik beste askotan egin bezala; urrian Erriberara aldatu zuten kokalekua; eta aurtengo otsailekoa udaletxeko pleno aretoan egin zuten. Erribera kulturgunera bueltatuko dira oraingoan.

Ostegunean odola eman nahi dutenek, aldez aurretik eskatu beharko dute hitzordua, ezinbestean. Horretarako, ostegun goizean deitu beharko dute, 08:30etatik 14:30etara, telefono zenbaki honetara: 943 00 78 85.
 

«Une honetan oso beharrezkoa da erreserbak haunditzea»

Astigarragako Odol Emaileen Elkarteak deia luzatu die herritar guztiei, ostegunean zita har­tu eta odola ematera gerturatu daitezen. Izan ere, azpimarratu du «ezinbestekoa» dela odola, bereziki orain: «une honetan oso beharrezkoa da erreserbak haunditzea. Horregatik, odola ematera joateko deia egiten dizuegu».

Eta azpimarratu dute, «minutu gutxi batzuetan» odola ematearekin, «beste pertsona batzuen bizia salbatu» daitekeela. Hori horrela, laguntza eskatu diete astigartarrei: «mesedez, ani­matu bizia ematera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!