Aiztondo eta Txirrisklak musika emanaldia bihar, Erriberako atarian

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 25a, 00:00
Aiztondo abesbatzaren 25. urteurreneko emanaldia, Erriberan.

Abesbatzak eta txistulariek euskal folkloreko doinuak eskainiko dituzte, 13:00etan hasita.

Ekaineko kultur agendaren barruan, musika izango da biharko protagonista, Astigarragan. Oraingo honetan, gainera, berezia izango da hitzordua; izan ere, Aiztondo abesbatzak eta Txirrisklako txistulariek bat egingo dute astigartarrei kontzertua eskaintzeko. Bazkalaurretik izango da emanaldia, 13:00etan, Erriberako atarian.

Ez da nolanahiko ikuskizuna izango, euskal folkloreko doinuak aurkeztuko baitizkiete Erriberara hurbiltzen diren guztiei. Hori horrela, bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei, bi taldeak uztartuta, Aiztondoko kideen ahotsarekin eta Txirrisklako txistularien erritmoarekin, emanaldi borobila izatea espero baita.

Martxa ederra izan du Aiztondok azken aste hauetan. Denera, hiru agerraldi izan ditu ekainean, eta bikain aritu da abesbatza. Ekainaren 11n izan zuen 25. urteurreneko emanaldia, eta biharko kontzertuarekin, jarraipena emango dio ibilbideari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!