13 hilabeteko lanaren eta sei milioi eurotik gorako inbertsioaren ondoren, bukatu dituzte 27 poligonorako sarrera berriaren obrak. Dagoeneko zabalik dago errepide berria, Astigarragako sarrerako errotonda (Bidebitartekoa) eta 27 poligonoa lotuko dituena. Horrekin, lortu nahi dute poligonorako sarrera-irteerei bide berri bat ematea, eta trafikoa arintzea Martuteneko eta poligonoko errotondetan.
Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, adierazi du «garrantzi kualitatibo haundia» daukala, eta «funtsezko bidea» izango dela «Donostialdean konexioak eta zirkulazioaren arintasuna hobetzeko».
Gainera, «lotune erdi bat» eraiki dute GI-2132 errepideko 7,2 kilometroaren parean; eta bertatik sortu dute bide berria, «Galtzaur auzoa inguratu, Antondegi gaineko gailurra igaro, eta 27 poligonoko Ubarburuko pasabidearekin lotzen duena». GI-3841 izena hartuko du bide berriak, eta tokiko sare griseko errepide arrunt gisa sartuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Errepide Sarean.