Ikasturte bukaerako ekitaldia bihar Astigarragan, Beterri Saretuzek

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 00:00
Ekimeneko bi partehartzaile, esperientziak trukatzeko saio batean.

Kultur etxe zaharrean izango da, 12:30etatik 14:00etara, eskualdeko erakunde, eragile eta enpresei zuzenduta.

Astigarragan egingo du Beterri Saretuz ekimenak, ikasturte bukaerako ekitaldi irekia. Bihar eguerdian izango da, 12:30etatik 14:00etara, kultur etxe zaharrean. «Azkeneko hiru urteetan, inurri lana egiten aritu gara Beterri-Buruntza eskualdean, ekonomia eraldatzailean dabiltzan enpresa eta eragileen sarea osatzeko bidean. Hori guztia aurkeztu eta aurrera begira ditugun asmoak azaldu nahi ditugu jendaurrean» jakinarazi dute.

Horregatik, ekitaldira gonbidatu dituzte eskualdeko erakunde, enpresa eta eragile guztiak. Horretarako, internet bidez eman dezakete izena, helbide honetan: t.co/eTRh8KbQ84.

Ekitaldi irekiaren aurretik, kultur etxe zaharrean bilduko dira sareko kideak, 09:30etatik 12:00etara, ikasturtearen balorazioa egin eta aurrera begirakoak hausnartzeko. Eta ondoren, egitasmoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute Beterri-Buruntzako enpresa, erakunde eta eragileek, eta mokadutxo bat jateko aukera ere izango dute, «orain arte egindakoa elkarrekin ospatzeko».

Hirugarren urtea du Beterri Saretuzek, eskualdean «ekonomia eraldatzailean oinarritutako enpresa partehartzaileen ekosistema sortzeko helburuarekin» martxan jarri zenetik. Behin oinarriak eta balioak finkatuta, «ekintzara igarotzeko pla­na» egin dute aurten eta, besteak beste, hezkuntzako eragileekin jarri dira harremanetan. beterrisaretuz.eus webgunean da­go ikusgai, orain arte egindako ibilbidea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!