Itsaso Perezek egindakoa izango da aurtengo Santio Jaietako kartela

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 00:00

Itsaso Perez, aurtengo Santio Jaietako kartelarekin.

157 herritarrek bozkatu dute, eta botoen %57arekin irabazi du kartel lehiaketa Perezek.

Joan den ostegunean bukatu zen epea, Santio Jaietako kartel lehiaketan bozkatzeko. Eta botoen kontaketa eginda, atzo eman zuen aditzera Astigarragako Udalak, zein den kartel irabazlea: Itsaso Perezena izango da aurtengo Santioetako kartela.

157 herritarrek eman zuten botoa lehiaketan, eta 91 boto jaso zituen Itsaso Perezen kartelak (finalisten artean 4 zenbakia zeukanak); boto guztien %58a. Bigarren postuan, berdinduta geratu dira bi kartel, finalisten zerrendan 2 eta 5 zenbakia zeukatenak. 25 boto jaso ditu bakoitzak, guztien %15,9a. 1 zenbakia zeukan kartelak, berriz, 14 boto jaso ditu; eta 3 zenbakidunak bi boto.

Bozketan parte hartu duten herritarrei dagokienez, %61,1a izan dira emakumezkoak, %35,7a gizonezkoak, eta %3,2ak ez du erantzun. Eta adinari dagokionez, 30-49 urte bitartekoak izan dira bozketan gehien parte hartu dutenak, guztien %59,2a.

Santio Jaietako kartelean ez ezik, festetako programan eta jaiak sustatzeko euskarrietan ere erabiliko dute Itsaso Perezek egindako kartela.

Santio Jaietako batzordeak, bilera bihar arratsaldean

Bestalde, bihar arratsaldean egingo du hurrengo bilera, Santio Jaietako batzordeak. Arratsaldeko 18:30etan elkartuko dira, Erribera kulturgunean. Batzordearen hirugarren bilera izango da biharkoa, aurtengo Santioak prestatzen jarraitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!