Beterri Saretuzek ekitaldi irekia etzi, egitasmoa ezagutarazteko

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 12a, 00:00

12:30etan aurkeztuko du egitasmoa, Kultur Etxe Zaharrean. Bertaratzeko deia luzatu die Beterri-Buruntza eskualdeko erakundeei eta eragileei.

Beterri Saretuz duela hiru urte sortu zen «eskualdean ekonomia eraldatzailean oinarrituriko enpresa parte-hartzaileen ekosistema sortzeko helburuz». Behin oinarriak eta balioak finkatuta, aurten, ekintzara igarotzeko plana egin dute eta, besteak beste, hezkuntza eragileekin ere harremanetan jarri dira. Elkarrekin biderkatzen leloa darama egitasmoak eta webgunean ikus daiteke orain arte egindako ibilbidea.

Ikasturtea amaitzeko ekainaren 16an, datorren ostegunean, Astigarragako Kultur Etxe Zaharrean bilduko dira sareko kideak, 09:30etik 12:00etara, urtearen balorazioa egiteko eta aurrera begirakoak hausnartzeko.

Horren ondoren, 12:30etan, ekitaldi irekia egingo dute. Beterri Saretuzek Beterri-Buruntza eskualdeko erakunde eta eragileei luzatu die deia «egitasmoa bertatik betara ezagutu dezaten». Amaieran, aurreratu dutenez, «mokadutxo bat jateko aukera izango da orain arte egindakoa elkarrekin ospatzeko».

Interesa duenak izena eman dezake, bai hasierako hausnarketa saioan, bai amaierako ekitaldian: https://labur.eus/JVrsb.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!