Hondartzako ostikada haietatik herri bizitzan errotuta egotera, mende oso bat

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 00:00

Juanra Barrena lehendakaria eta Ramon Santxez idazkaria, Gure Izarra elkartearen atarian.

100 urte bete ditu Gure Izarra elkarteak, aurtengo otsailean. Izen bereko futbol taldetik sortu zen 1922an, eta kirola ez ezik, kultura eta aisialdia ere izan ditu ardatz, 1952tik aurrera. Elkartearen bilakaeraz eta mendeurreneko ospakizunez aritu dira Juanra Barrena lehendakaria eta Ramon Santxez idazkaria.

Zenbakiak zenbaki besterik ez omen dira; baina ez da txantxetakoa, Gure Izarra elkartearen adina markatzen duena: 100 urte bete ditu, aurtengo otsailaren 22an. Eta «ilusio haundiz» hartu dute ospakizunak antolatzeko erronka Juanra Barrenak eta Ramon Santxezek, «urte berezia» barru-barrutik bizitzea tokatu baitzaie, lehendakari eta idazkari gisa, hurrenez hurren. 

«Aurten sartu gara zuzendaritzan, eta ordurako 100 urteak beteta zituen elkarteak; baina pandemiak dena eten zuenez, tokatu zitzaigun sartu bezala hastea pentsatzen, antolatzen, dirua eskatzen... Eta horretan ari gara, denboraz larri, baina sekulako ilusioarekin. Erronka haundia da, eta urduritasuna sortzen dgu. Dirulaguntzak larri xamar eskatu genituen, baina eskatu diogun guztia eman digu Udalak, eta eskertzekoa da», azaldu du Barrenak.

Aurreko ostiralean izan zuten lehenengo ospakizuna, kantu afaria: «oso serioa da elkartea, eta kantu afari bat egitea ez pentsa txorakeria denik... Baina ia 40 lagun elkartu ginen, eta arnasten zen zoriona eta poza. Ideiak eta proposamenak egin zituzten, mendeurrenaren inguruan. Ikusi dugu ilusioa egiten diela, eta bizi dutela elkartea. Gainera, Gure Izarraren historiari buruzko informazioa biltzen ari gara, liburu bat osatzeko. Eta zortea daukagu, oso herrikoa delako elkartea; gehien-gehienak dira bertakoak. Horregatik, interesa daukate, eta parte hartu nahi dute datu bilketan», nabarmendu dute.

 

Hondartzako futbol taldea, elkartearen abiapuntua

Oraingoz, hainbat data dauzka elkartearen historiak, baina beste horrenbeste galdera ikur eta hutsune. 1922an sortu zen Gure Izarra elkartea, baina horrekin ere izan dituzte zalantzak, orain gutxi arte: «beti ikusten genuen 1922ko data hori, baina konbentzituta geunden ezetz, 1952an sortutakoa zela elkartea, egungo estatutuak ordukoak direlako, eta zuzendaritza taldearen aurreneko argazkia ere urte hartakoa delako», azaldu du lehendakariak: «baina txistularien entsaio batean, Miel Joxe Astarbek komentatu zidan mendeurrena zuela Gure Izarrak. Ezetz esan nion, 70 urte zituela; eta berak baietz, eta ekarriko zidala dokumentazio osoa. Hurrengo entsaiora ekarri zizkidan Agustin Urreagak Astigarraga Aldizkarian argitaratutako bost-sei artikulu, xehetasun guztiekin eta argazkiekin; eta garbi dago jasota, 1922an sortu zela elkartea».

Elkarte gastronomiko gisa ez, futbol talde bezala sortu zen Gure Izarra elkartea: «garai hartan afizio haundia zegoen futbolarekin, orduan hasi berria zen. Herrietan talde asko zeuden, eta hemen ere erabaki zuten talde bat sortzea. Hondartzako torneoetan jokatzen zuten, eta Gartziategi inguruan ere ba omen zuten futbol zelai bat», azaldu du Santxezek: «eta gazte haiek nagusitu zirenean, pentsatu zuten elkartea sortzea, 1922an. Hasieran, izan zen kirola bultzatzeko, eta bereziki futbola».

 
Bi argazki daude elkartean bertan, erakusten dutenak futbol taldea izan zela Gure Izarra hasieran.

 

Gerora, baina, beste bide batzuk ere urratu ditu elkarteak, hiru egoitzatan banatu daitezkeen hiru etapatan: «1922ko estatutuetan jartzen du, Kale Nagusiko 21ean zeukala egoitza Gure Izarrak. Baina duela 100 urteko Astigarragan, hori non zegoen eta zer zen... Beharbada partikular baten etxea izango zen. Izan liteke elkarteko norbaiten etxea jarri izana helbide bezala, baina egoitza beste nonbait izatea», azaldu du Santxezek.

Horrez gain, elkarteak beste egoitza bat izan zuela ere badakite, «gaur egun Kutxa dagoen horren parean. Plazatxo bat zegoen, eta Arrieta izeneko etxe bat, gaur egun joko aretoa eta hortz klinika dauden tokian. Bertan ere egon zen elkartea». Toki hura aipatzen da 1952ko estatutuetan, elkartearen bigarren etaparen hasiera markatzen duen urtean: «estatutuak aldatu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzan erregistratu zuten elkartea. Hortik aurrera, kultur eta aisi elkartea izan zen gehiago, eta ez hainbeste kirolari bideratutakoa. Uste dugu orduan izan zela egoitza aldaketa ere».

 

Futbol talde bezala hasi zen Gure Izarra elkartea, eta gazte haiek nagusitu zirenean, pentsatu zuten elkartea sortzea, 1922an; hasiera batean, kirola eta bereziki futbola bultzatzeko.

 

Eta 10 urte beranduago hasi zen, 1962an, elkartearen hirugarren etapa gisa izendatu daitekeena. Bazkideek erabaki zuten lokal haundiagoa behar zutela, eta erosi zuten egungoa: «hasieran, oraingo lokalaren zati bat erosi zuten bazkideek, ez osoa. Ikuilu bat zen, eta beraiek egokitu zuten. Oso oinarrizkoa zen. Zeukan frexkera bat, komuna, bi mahai eta sukaldetxo bat. Eta pixkanaka, joan ziren ondoko beste lokalak erosten, eta egoitza haunditzen». 1962an sartu zen, hain justu, gaur egungo bazkide beteranoena, Javier Boulandier.

 

Estatutuetan eta araudian bilakaera, ezinbestean

1952ko haiek dira elkartearen egungo estatutuak, baina hamarkadaz hamarkada berrituta eta egokituta, ezinbestean. «Hasierako estatutuak eta garai hartako araudia irakurri, eta harrituta geratzen zara. Orain ikusita, ezin duzu sinetsi ere egin, emakumeei eman zaien tratua. Elkarte guztiak izan dira horrelakoak, eta Gure Izarra ere bai. Emakumeak ez zituzten onartzen elkarte barruan, eta horrek bilakaera bat izan du pixkanaka. Hasi ziren egun jakin batzuetan sartzen uzten; Donostiako egunean, Santio egunean, egun berezietan... Aurrena, kafea hartzera bakarrik; eta ondoren, asteburu osoan sartzeko aukera eman zitzaien. Horrela, pixkanaka, iritsi gara normaltasunera. Gaur egun, zorionez, badauzkagu emakumezko bazkideak, eta hemen ez dago sexuaren araberako diskriminaziorik. Berdin-berdin izan daitezke bazkide gizonak eta emakumeak», dio lehendakariak.

Garai berrietara egokitzea, 100 urteko elkarte batean, gehiago kostatzen dela nabarmendu du Santxezek: «ez da gauza bera elkarte bat sortzea 2000 urtean, edo aurretik datorren batean gauzak aldatzea. Bazkideak ohituta daude bizimodu eta antolaketa batera, eta hori dena aldatzen kosta egiten da. Baina aldaketa gertatu behar zuen, eta gertatu da; elkarte batzuetan baino beranduago, eta beste batzuetan baino lehenago. Badaude, oraindik ere, emakumeak onartzen ez dituzten elkarteak, oraindik ere. Gure Izarra oso elkarte klasikoa izan da beti. Gizonak etortzen ziren jatera, edatera eta musean jokatzera».

Garai batean, lanetik atera, eta elkartera joaten ziren gizonak, arratsaldea pasatzera. Eguneroko biltoki bat zen Gure Izarra. Baina asko aldatu da egunerokoa elkartean, «bizimodua bezala. Gaur egun, etxean obligazio gehiago dauzkagu, eta afizio gehiago ere bai. Beraz, ez daukagu hainbeste denbora lagunarteari eta soziedadeari eskaintzeko. Jaiegunetan eta asteburuetan erabiltzen da elkartea bereziki, ostiraletik igandera. Eta gehienetan, izaten da jaiarekin lotuta, eta beti jatekoarekin: festak, urtebetetzeak, familiako ospakizunak... Astean zehar ere badauka bizitza, eta badago egunero etortzen den jendea; baina gehienak asteburuetan etortzen dira», azaldu dute.

 

«1962an mugitu zen elkartea, gaur egungo egoitzara. Zati bat erosi zuten bazkideek, ez oraingo lokal osoa. Ikuilua zen, eta beraiek egokitu zuten. Eta pixkanaka, ondoko lokalak erosi eta haunditu egin zuten soziedadea».

 

 

«Elkarte batzuetan errelebo arazoa daukate, baina Gure Izarran gazteak sartu dira»

Egunerokoaren bilakaera horretan, gazteen eragina ere nabaritu da: «elkarte batzuetan errelebo arazoa daukate, baina Gure Izarran, dagoeneko sartu dira gazte batzuk, eta beste hainbatek egin dute sartzeko eskaera. Kontua da bazkide kopurua mugatua dela, eta ezin dutela sartu nahiko luketen gazte guztiek. Edonola ere, gaztetzen ari da elkartea, pixkanaka. Giroan ere nabaritzen da hori. Jende gaztez beteta dago Astigarraga, eta elkartera ere jende gaztea etorriko da, herrira etorri berria, haurrekin...».

Une honetan, 21 urtekoa da Gure Izarrako bazkide gazteena. Guztira, 147 bazkide dauzka elkarteak: 47 ohorezko bazkide, 70 urtetik gorakoak; eta 100 bazkide arrunt, ezarritako kopuru maximoa. Horiez gain, 10 hautagai ere badaude: kuotaren erdia ordaindu dute, eta elkartea erabili dezakete, baina ez daukate botorik.

Bazkide kopuru horrekin, «tokirik badagoen begiratu» behar izaten dute, erreserba bat egiteko: «pandemiaren eraginez, bi urtez oso erabilera txikia izan du elkarteak, baina pandemiaren aurreko erritmoa berreskuratzen ari gara aurten. Eta dagoeneko, ezin duzu lasai-lasai joan elkartera, pentsatuz tokia izango duzula...».

Erabilera haundituta, eguneroko martxari jarraipena egitea ezinbestekoa da, eta horretaz arduratzen da zuzendaritza batzordea: «bodegeroaren funtzioa, esaterako, oso garrantzitsua da. Egunero etorri behar da ikustera zer falta den, erosketak egin, kontuak atera... Eta falta diren gauzak, kontsumitu eta apuntatu gabekoak, kontrolatu eta jakinarazi behar dira. Izan ere, jana eta edana elkartzen diren tokietan, fundamentua desagertu egiten da batzuetan...», diote Barrenak eta Santxezek.

Baina egunerokoaz gain, «erabaki garrantzitsuak» ere hartu behar izaten dituzte, batzarrean: «aurten, adibidez, erretzea debekatu dugu. Elkarte gazteagoetan, beharbada hasieratik debekatuko zuten erretzea, baina hemen jende askok ezagutu ditu kafea, kopa eta purua gisako bazkalosteak, eta horrek aldaketa eskatzen du. Baina ez da inolako arazorik izan. Uste genuen asanblada istilutsuagoa izango zela, baina oso jende gutxik bozkatu zuen erretzearen alde».

 

Santio Jaietako txupinazoa botako du Gure Izarra elkarteak, bere mendeurrenean. Eta bitxikeria bat ere aurreratu dute: «nahi dugu 19:22etan bota, elkartearen sorrera urtearen omenez. Ea aukera ematen diguten...».

 

Pozik daude biak, osatu duten zuzendaritza taldearekin: «oso talde polita eta serioa daukagu, eta ardurak ondo banatuta. Gainera, adierazgarria da, derrigorrez behar direnak baino bat gehiago gaudela zuzendaritza taldean. Bazkideen partehartzea berreskuratzen ari gara, pandemiaren ondoren gogoa daukagulako sozializatzeko eta elkarrekin egoteko. Eta oso ondo datorkigu, mendeurreneko ospakizunekin lan asko dagoelako».

 

Ramon Santxez eta Juanra Barrena, elkartearen barruan.

 


Mota guztietako ekintzak, mendeurrena ospatzeko

Urte potoloa izango da mendeurrenekoa, Gure Izarrarentzat, ohiko ekintzekin eta aurten bereziki prestatuko dituztenekin. Bihar bertan, urteroko omenaldia egingo diete 80 urtetik gorako astigartarrei, eta 40garren edizioa izango da aurtengoa. Txirrisklako txistularien dianak eta eguerdiko txarangak kaleak girotu ondoren, 12:45etan elkartuko dira Txomiñenen, meza eta omenaldia egiteko, Aiztondo abesbatzarekin eta Astigar taldeko dantzariekin. Gure Izarran bazkalduko dute ondoren, Alberro anaien soinu emanaldi eta guzti. 

Ekainaren 26an dauka hurrengo hitzordua Gure Izarrak, bazkide guztien argazkia ateratzeko. Eta Santio Jaietan izango dute hurrengoa: txupinazoa botako du Gure Izarrak. «Ohore bat da elkartearentzat, eta sari eta errekonozimendu bat, elkarteak kirol eta kultur arloetan egindako lanari, frankismoaren aurrean egindako borrokari... Kontatu digute, garai hartan jendea elkartzen zela elkartean, herriko arazoei buruz hitz egiteko; bilgune bezala erabili zela». Gainera, bitxikeria bat ere aurreratu dute: «nahiko genuke 19:22etan bota txupinazoa, elkartearen sorrera urtearen omenez. Ea aukera ematen diguten...».

Bereziak izango dira aurtengo San Inazio eguna eta bezpera ere: «San Inazio bezperan ospatzen dugu elkartearen eguna. Oso egun berezia izaten da, eta pin bat ematen diegu ohorezko bazkideei eta 25 urte daramazkitenei. Eta gauerdian, San Inazioko ereserkia abesten dugu elkartearen kanpoaldean, San Inazio egunari hasiera emateko; oso polita izaten da. Aurten, gainera, San Inazio egunean kale buelta egingo du Eragiyok abesbatzak, eta Gure Izarran bazkalduko du, bazkideekin batera».

Bertso afari bat ere egingo dute aurrerago, elkartean bertan; eta beste kantu afari bat ere egin nahi dute. Liburu baten aurkezpena ere ekarri nahi dute Gure Izarrara: Francoren mende kantantzen genuenean, Colette Larrabururena. Pelota txapelketa bat ere antolatu nahi dute. Eta egun berezi bat daukate buruan: elkarteen eguna ospatu nahi dute, herriko elkarteekin, txapelketa batzuk eginda, elkarrekin bazkaldu edo afalduta... «Proiektu asko dauzkagu buruan, eta lanean ari gara, denak aurrera ateratzeko».

Lanketa horretan dago Gure Izarraren historiari buruzko liburua, eta baita elkartearen ereserkia ere, aurreneko saiakerek «huts egin» duten arren.

Horiez gain, ez dituzte alde batera utziko urteroko ekintzak, elkartearen ibilbidea ardaztu dutenak: «herriko gauza askotan dauka partehartze aktiboa Gure Izarrak. Betidanik antolatu ditu ekintza gastronomikoak, herriko festekin zerikusia dutenak; eta baita kirol txapelketak ere, futbolean, pelotan, tokan, arraunean... Gainera, oso kokapen ona dauka, herriaren erdian; eta edozertarako, erraztu egiten ditu gauzak. 40 urte baino gehiago daramazkigu, San Isidro egunean Goldeak antolatzen duen omenaldian parte hartzen, bazkaria antolatuta. Ikastolak ere, Santo Tomas egunean txistorrada egiten duenean, elkartean prestatzen du jatekoa. Izan ere, elkarteko bazkide dira ikastolako haurren gurasoak, baserritarrak, Goldea elkartekoak, sagardogile ugari... Astigarraga batean, 100 bazkide izanda, mota guztietako jendea daukagu». 

 

Logoa berritzeko lehiaketa, herritar guztientzat irekia

Beste nobedade bat ere izango du elkarteak, aurten: logoa berritzeko lehiaketa jarri dute martxan. «Polita da daukagun logoa, eta oso ondo islatzen du nondik gatozen, futboleko baloi batekin, izar baten barruan. Baina logo lehiaketa bat eginda, ikusi dezakegu jendeak nola ikusi eta sentitzen duen Gure Izarra, eta nola iruditzen zaion izan beharko litzatekeela Astigarragako elkarte baten logoa». Uztailaren 23ra arte dago proposamenak aurkezteko epea, gureizarra1@gmail.com helbidera bidalita. Uztailaren amaieran jakinaraziko dute logo irabazlea zein den, eta 300 euroko saria eskuratuko du irabazleak. Nahi duten guztiek hartu dezakete parte lehiaketan, irekia baita: «bazkide izan edo ez, edonork hartu dezake parte. Elkartea herrira zabaltzeko modu bat ere bada. Bazkideena da elkartea, baina edozein herritar sartu daiteke, bere etxea balitz bezala», diote Juanra Barrenak eta Ramon Santxezek.

Eta nabarmendu dute, elkartearen ibilbidearen erakusle dela logoa berritzeko ekimena: «logo zaharra badaukagu, nondik gatozen gogorarazten diguna; eta mendeurreneko ere egin dugu beste bat. Eta orain, logo berriarekin, beste urrats bat emango dugu, irudikatuz aurrera goazela, eta elkartea bizirik dagoela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!