«Osasun-zentroak leku arazoak ditu zerbitzu egokia eskaintzeko»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 8a, 00:00

Udal Osoko Bilkurak osasun-zentroari buruzko adierazpen instituzionala onartu zuen joan den asteko Osoko Bilkuran.

Udalak osasun-zentroari buruzko adierazpen instituzionala onartu zuen joan den asteko Plenoan. Aurrekariei begira eta adierazpenaren nondik norakoak ulertzeko, hainbat xehetasun eman zituzten udal ordezkariek.

Batetik, aipatu zutenez, 2019ko azaroan Osakidetzako Donostialdeako Gerentziarekin harremanetan jarri zen Udala, besteak beste, Astigarragako osasun-zentroan arratsaldeko txandak jarri ote zitezkeen galdetzeko eta pediatriako zerbitzua indartzeko eskatzeko. Izan ere, diote, «herriko biztanleen kopurua bikoiztu egin da azken 15 urteotan eta une honetan (2022ko maiatzean) 7.563 biztanle ditu. Jaiotza tasa Gipuzkoako tasaren bikoitza izaten ari da urtero. Beraz, gero eta biztanle gehiago eta gero eta haur-gaztetxo gehiago (pediatriako behar gehiago)». Hortik zetorren, diote, Udalaren eskaera.

Bestetik, Astigarragako Osasun-Zentroko langileekin izan dituzten elkarrizketei erreferentzia eginez, hauxe zehaztu zuten: «argi adierazi digute leku arazoak dituztela eta, biztanle kopurua haundituz doanez, etorkizunean arazo horiek areagotu egingo direla».

Osakidetzak Udalari adierazi zion arratsaldeko txandak jartzeko leku arazoak zeudela Astigarragako Osasun-Zentroan. «Gaia elkarrekin aztertzen aritu ondoren, Osakidetzako Donostialdeako Gerentziak Udalari adierazi zion etorkizunera begira 800m2 inguruko azalerako lokala beharko litzatekeela», aipatu dute. Bere aldetik, Udalak konpromisoa hartu zuen gisa horretako eraikin edo lokalen aukerak aztertzeko.

 

Ezezkoa, osasun-zentro berriaren eskaerak

Gaia aztertu ondoren, 2021eko urtarrilean, Udalak proposamen zehatza egin zion Osakidetzako Donostialdeako Gerentziari: osasun-zentro berria egitea Urumea Berriko azken etxebizitza blokearen beheko solairuan (800m2 inguruko azalera duen lokala). Halaber, Udalak adierazi zion lokal hori amaituta egongo zela 2021eko urte amaieran. Osasun-zentroak eraikitzeko eskumena eta ardura Osakidetzarena da, baina udalak orubea edota lokala utzi behar dio.

Erantzunik jaso ez zuenez, 2021eko uztailean Udalak berriro eskatu zion erantzuna Osakidetzari, «oraingo honetan, idatziz». Osakidetzako Donostialdeako Gerentziak erantzun zuen Osakidetzako azpiegituren zerbitzua «beharrak aztertzen ari zela».

2021eko urte amaieran aipatutako lokala amaituta zegoen eta ingurua hiritartuta. Hainbat hilabete igaro eta erantzunik jaso ez zuenez, Udalaren eskariz, 2022ko otsailean idatzizko galdera aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean. Idatzi horri Osasun sailburuak 2022ko martxoaren 7an erantzun zion, honakoa adieraziz: «Osakidetzak etengabe ebaluatzen du bere osasun-zentroen egoera, lehen mailako arretako inbertsio programaren kontura zer jarduketa egin eta zer lehentasunekin egin behar diren zehazteko. Astigarragako egoeraren ebaluazioa ez da amaitu. Oraingoz, egungo kokapenean ez dago lekurik, ezta hazteko aukerarik ere. Astigarragako herritarren beharrei nola erantzun aztertzen ari dira». 

Baina Udalaren Osoko Bilkurak adierazi du Udalak eta herriak «premia ugari» dituela eta Osakidetzari eskainitako lokala ezin duela erabili gabe eduki, «epemugarik gabe, Osakidetzak zer eta noiz erabaki bat hartuko zain». Gainera, gehitu du Udalak «epe erdi eta luzera nekez izango duela eskura ezaugarri horiek dituen beste lokalik».

 

Adierazpenak, lau puntu

Aipatutako guztiagatik, Osoko Bilkurak honakoa adierazi du: «1) Astigarragako gaur egungo osasun-zentroak leku arazo nabarmenak ditu astigartarrei zerbitzu egokia eskaintzeko; 2) Astigarragako Udalak berretsi egiten du, berriz ere, bere borondatea Osakidetzari Urumea Berriko lokala lagatzeko, bertan osasun-zentro berria egin dezan; 3) Astigarragako Udalak Osakidetzari eskatzen dio berehala erantzun dezala, eskainitako lokala ontzat ematen duen ala ez eta konpromisoa har dezala lagapena; formalizatu eta osasun-zentro berriaren proiektua atzerapenik gabe martxan jartzeko; 4) Astigarragako Udalak mozio hau Osakidetzari eta Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko kideei helaraziko die, gaiari erantzun egoki bat ahalik eta lasterren emateko konpromisoa eskatuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!