Astigarragan selfie lehiaketa antolatu da ingurumen astearen baitan

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 5a, 00:00

Bidaltzeko epea bihartik ekainaren 12ra arte da udaletxeko erregistroan edo Udaleko webgunean.

Bihartik ekainaren 12ra ingurumen astea ospatuko da eta Astigarragako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu egun hauetan zehar. Besteak beste, selfie lehiaketa egingo da eta gaia Astigarragako heskai berdeak izango da. Lehiaketa honen helburuak ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzea eta Astigarragako heskai berdeei buruzko ezagutza zabaltzea dira, besteak beste.

Selfian gutxienez pertsona bat eta hesi berde bat agertu beharko dira. Argazkiak bidaltzeko epea bihartik ekainaren 12ra (biak barne) izango da, Udaletxeko erregistroan (pen-drive batean) edo telematikoki, udalaren webgunearen bidez. Saria Astigarragako saltoki batean gastatzeko 50 euroko bonu bat izango da.

Selfie lehiaketaz gain, ingurumen-astean honako jarduera hauek eskainiko dira: Urak aske dokumentalaren proiekzioa; konpost-zakuen eta hazien banaketa, auzo-konposta egiten duten herritarrentzat; Santiagomendiko heskai berdeei buruzko hitzaldia; eta ingurumenari buruzko liburu eta bideoen txokoa zabaltzea.

 

Arantzazuko Ama eskolako ikasleak Ekofish proiektuan lanean aritu dira

Bestetik, Arantzazuko Ama ikastetxeko DBH3. D gelako TECO taldea: Gartxot, Izan, Ekain, Malen eta Hielen, fisika-kimikan eta biologian Ekofish izeneko proiektuan aritu dira lanean azken bi hilabeteetan. Arazoari buruz idatzi eta plastikoarekn dagoen arazoa bistaratzea erabaki dute, jendea egoeraren larritasunaz jabetu eta orain arteko ohitura txarrak aldatzeko.

«Azken urte hauetan, plastikoaren erabilera asko ari da haunditzen, 2018-2019 artean plastikoaren ekoizpena %8 hazi zen. Kontsumitzen den plastikoaren gehiengoak, itsasoan amaitzen du, zehatzago esanda, minuturo kamioi bete plastiko, egunero 126 tona eta urtero 6,4 milioi tonak. Itsasoko zaborraren %60-%80a plastikoa da», diote.

Itsasoan dauden plastiko hauek, «arrainek jaten dituzte janaria dela pentsatzen dutelako, ondoren arrain horiek arrantzatu eta aurretik jandako mikroplastikoak guk jaten ditugu. Honez gain, animaliak desitxuratu egiten dira. Freskagarriek dituzten plastikoetan dortokak harrapatuta geratzen dira, adibidez. Beraz, hondakinen arazoak guztioi egiten digu kalte».

Gainera, «guk edukiontzira botatzen dugunaren %40a baino gutxiago birziklatzen da. Guztizkoaren %9a birziklatu egiten da, %19a erraustu eta %50a zabortegietan amaitzen da. Gainontzekoa, %22a hondakinak kudeatzeko sistemak sahiesten ditu. Itsasoan dauden hondakinak urte asko behar dituzte guztiz desagertzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!