Azkarra eta eztabaidarik gabekoa izan zen Astigarragako Udaleko Plenoa, joan den asteartean. Bederatzi gai zeuzkaten lantzeko, eta aho batez onartu ziren denak. Horien artean zegoen, esaterako, kiroldegia haunditzeko proiektuaren idazketa. Udalak eskatuta, azterketa bat egin du Uzcanga Arquitectos SLP enpresak, kiroldegiak biztanleriaren hazkundeari aurre egiteko dauzkan beharrak detektatzeko: igerileku estalia, pista berri bat, zerbitzuak berrantolatzea... Azterlanaren idazketa onartu zuen Plenoak, eta baita obra gauzatzeko proiektua idazten hastea ere.
Alderdi guztien adostasunarekin onartu zuten, baita ere, urtebetez luzatzea etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eta Marisa Garaño babestutako etxebizitzetako erabiltzaileentzako laguntza zerbitzuaren kontratuak; biak, 2023ko irailaren 16ra arte. Arreta Zerbitzuak enpresak eskainiko ditu bi zerbitzuak.
Bide publikoei dagokienez, zenbait erabaki hartu zituzten asteartean. Batetik, Plenoan, onartu zuten Astigarragako bide publikoen egoeraren azterketa eta konponketa lanei dagokien memoria. Lan horiek, datozen urteetan zehar gauzatuko dituzte. Eta bestetik, Tokiko Gobernu Batzordean, onartu zituzten Troia ibilbidea hiritartzeko proiektua, eta Donostia Ibilbideko (Portutxo-Gartziategi) lurra berritzeko lanen memoria.
Plenoan, azkenik, adierazpen instituzional bat onartu zuten aho batez: Astigarragako osasun zentro berriari buruzkoa. Aintzane Barandiaran alkateordeak adierazi zuen, egungo zentroak «espazio arazo nabarmenak» dituela, «astigartarrei zerbitzu egokia eskaintzeko». Horren aurrean, 2019an jarri zen Udala Osakidetzarekin harremanetan, eta Urumea Berriko lokal bat eskaini zion, planoak bidalita, lokalaren egokitasuna ikusteko. «Erantzunik jaso ez dugunez, lokala lagatzeko borondatea berretsi nahi dugu, eta Osakidetzari eskatzen diogu berehala erantzun dezala, eskainitako lokalari oniritzia ematen dion ala ez. Bestetik, eskatzen diogu lagapena formalizatzeko konpromisoa hartzea eta proiektua atzerapenik gabe martxan jartzea». Adierazpenari babesa eman zioten oposizioko alderdiek ere: «lokala egokiena ez den arren, uste dugu irtenbide aproposa dela», azaldu zuen EAJ-PNVko Nerea Zusberrok.
Dirulaguntza ugari onartuta, Tokiko Gobernu Batzordean
Beste hainbat erabaki hartu zituzten, asteartean bertan, Tokiko Gobernu Batzordean. Batetik, onartu zuten euskera sustatzeko egitasmoak elkarlanean garatzeko Buruntzaldeko 2022 plana. Plan horretan aurreikusita daude, besteak beste, familia transmisioa, heziketa zikloak, gidabaimena, euskerazko produktuen katalogoa eta apelliduak abizendu egitasmoak.
Eta bestetik, dirulaguntza askori eman zieten onarpena. Izendunak dira horietako bost: Astigar elkartea (28.800 euro), Xaguxar elkartea (20.000 euro), Galtzaur elkartea (12.000 euro), Andre Maria Zeruratze parrokia (3.600 euro), eta Gure Izarra elkartea (5.000 euro). Gure Izarrari, bestetik, 6.750 euroko dirulaguntza emango diote, mendeurren ekitaldia ospatzeko. Eta garapeneko lankidetza programari dagokionez, sei elkarteri emango diete dirulaguntza: Euskal Fondoari (7.307,40 euro), Agua de Coco elkarteari (10.000 euro), Abay Nilo Azul elkarteari (8.000 euro), Ulls del Mon/Munduko Begiak elkarteari (5.000 euro), Chiapas Enea elkarteari (10.000 euro), eta Amap.asoc Mundial elkarteari (4.999,38 euro).