Eguraldiak lagunduta, 'Udaberri giroan' murgilduta igaro zuten asteburua, astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 30a, 00:00

'Sagardo abenturazaleak' emanaldia aurkeztu zuten astigartar txikiek.

Giro ederraz gozatu zuten larunbatean Astigarragan, izan ere, makina bat ekitaldi prestatu zituzten egun osorako. Sagardoetxera bertaratu zirenek, Sagardo abenturazaleak emanaldia ikusteko parada izan zuten.

Ekintzez betetako asteburuaz gozatzeko tartea izan dute astigartarrek, izan ere, ekitaldi mordoa egin dira asteburuan zehar, besteak beste, Udaberri giroan ekitaldia, Mundarroren 40garren urteurrena, eta kontzertu akustikoa, Erriberan.

Sagardoetxeak eman zion hasiera asteburuari, jardunaldi berezi bat antolatuz udaberria ospatzeko: Udaberri giroan izenekoa, hain zuzen ere. Ekitaldi honek, Astigarragako Antzerki Eskola, Astigar Dantza Taldea eta Norberto Almandoz Musika Eskolako ikasleen antzerkia, musika eta dantza emanaldiak uztartu zituen. Eguraldiaren laguntzarekin, giro ederraz gozatu zuten herritarrek Sagardoetxean, eta gainera, Sagardo abenturazaleak emanaldia ikusteko aukera ere izan zuten, eta noski, sagardoaren historia eta kultura gehiago ezagutzeko aitzakia ederra izan zen. 

Udaberri giroan ekitaldia ez zen goizeko ekintza bakarra izan, Mundarrok 40garren urteurrena ospatu baitzuen Zarkumendegin. Futbolin txapelketarekin hasi zuten eguna, eta jarraian kale futbolari eman zioten hasiera. Eguerdian, 40garren urteurreneko zozketa ere egin zuten, eta goizari amaiera emateko, puzgarri eder batzuk Zarkumendegi apaindu zuten, eta noski, etxeko txikiek ederki pasa zuten.

 

Kontzertu akustikoak, Erriberan

Ekitaldiz gain, astigartar askok, Elenitaka, Apalatxe eta Paradoxus Luporum taldeek eskainitako kontzertu akustikoak entzuteko aukera izan zuten. Gazteria sailak antolatutako kontzertua izan zen, eta gustura egon ziren astigartarrak musikaz gozatzen.

 

'Paradoxus Luporum' taldeak Erribera bisitatu zuen, larunbatean.  
 
 
Herritar ugari bertaratu ziren Sagardoetxera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!