Ibaia garbitzeko deialdia astigartarrei, ekainaren 4rako

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 29a, 00:00
Joan den urtean, herritar ugarik hartu zuten parte ibaia garbitzen.

Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua ibai garbiketaren antolaketa egiteko, egunean bertan, Erriberan. 

Ekainaren 4rako, hitzordua jarri dute astigartarrentzat. Izan ere, ekainaren 5a, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela aitzakia hartuta, datorren larunbaterako ibai garbiketa antolatu du Arantzazuko Ama BHI ikastetxeak beste hainbat elkarterekin elkarlanean, besteak beste, Gaearekin. Beraz, Urumea ibaia garbitzeko ekimenarekin bat egin nahi duenak, datorren larunbatean, goizeko 11:00etarako Erriberara bertaratzeko aukera izango du. Ordu horretan, antolatzaileek materiala banatuko dute parte hartzaileen artean, besteak beste eskularruak eta poltsak banatuko dira. Behin errekara heltzen direnean, plastiko eta zabor bilketarekin hasiko dira, eta herriko familiei egin diete deia: «uste dugu familian egiteko plan bikaina dela». Halaber, bildutako guztiarekin, erakusketa bat egiteko asmoa dago: «Erriberan jarriko dugu bildutako guztia, herritarrak eta oro har jendea kontzientziatzeko gertatzen ari denaz eta momentu honetan dagoen arazoaz». Amaitzeko, antolatzaileek aditzera eman dute goiz osoko ekintza izango dela. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!