Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek larrei eta zelaiei buruz egindako lana aurkeztu zuten

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 26a, 00:00
Lehenengo mailatik 6garren mailara bitarteko ikasleak, udaletxeko pleno aretoan.

Joan den ostiralean, Xabier Urdangarin alkateak eta Izaskun Txintxurreta ingurumen teknikariak, ikasle talde batekin eta Herri Eskolako ordezkariekin batera, Eskola Agenda 2030eko udal foroa ospatu zuten, Astigarragako udaletxean. 

Urteroko zitari eutsiz, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik 6garren mailara bitarteko ikasleek, udal ordezkariei ikasturte honetan  zehar landutako gaiari Larreak, zelaiak eta landare itsutasuna  lotuta egindako lana aurkeztu zuten joan den ostiralean, Astigarragako udaletxeko pleno aretoan. 

Lan hori burutzeko, hainbat jarduera burutu dituzte ikasleek ikasturtean zehar, besteak beste, eskolako diagnostikoaren lanketa egitea, herriko berdeguneen egoera zein den aztertzea; horretarako, ikasleek zenbait irteera egin dituzte herrian zehar: Murgia jauregian Jose Elzo plazatik gertu dagoen parkean... Sentsibilizazio-ekintzak antolatzea, ikasleen parte hartzea sustatzea... 

Lana aurkezteaz gain, eskolak hartuko dituen konpromisoak zeintzuk diren azaldu zuen, hala nola, «gure herriko natur ondarea ezagutzen jarraitzeko irteerak eta ikastaroak egitea, Udalak antolatu ditzakeen naturaren babeserako eta lehengoratzeko ekintzetan parte hartzea, Udalarekin batera eskolako ingurunean elementu natural gehiago sartzeko lanketa bat egitea, herri guneko eta landa eremuko ekosistema ezberdinak zaintzea». 

Halaber, ikasleek  eskola ingurunea eta herriko natura ondarean zaintzeko eskaerak ere aurkeztu zizkieten udal ordezkariei, eta Xabier Urdangarinek, horietako bakoitzari buruzko azalpenak eman zituen. Eta honakoak izan ziren eskaera nagusiak: «zakurren gorotzak topatu daitezkeen herrik toki zehatzetan neurriak martxan jartzea: kartelak jartzea, txakurren kaka botatzeko zaborrontzi bereziak jartzea... Hondakinak lurrera botatzen diren eremuetan neurriak indartzea, esaterako isunak jarriz...». 

Amaitzeko, hurrengo 2 ikasturteetan Eskolako Agenda 2030 hezkuntza-programaren baitan energiaren gaia landuko dute, Herri Eskolako ikasleek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!