Astigarraga Aldizkaria hobetzeko inkesta jarri du martxan lantaldeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 00:00

Inkesta bete daiteke internet bidez, posta elektronikoz, edo paperean udal liburutegian. Emaitzak jasota, «azterketa sakona» egingo dute.

Bere 40garren urteurrena izan zuen iazkoa, Astigarraga Aldizkariak; eta ospakizunetan jasotako iritzietatik abiatuta, inkesta jarri dute martxan, Aldizkaria hobetzeko asmoz: «azkeneko inkesta egin zenetik 12 urte pasa dira, eta ez dugu zalantzarik garaia dela gure buruari berriro galdetzeko». Horrela, zortzi galderako inkesta prestatu dute, honako arloak jorratuz: ezagutza, atalik gustukoenak, gaien interesa, Aldizkariko atal bakoitzaren balorazioa, zer hobetu eta zer aldatu, webgunearen ezagutza, eta iritzia nahiz Aldizkarian parte hartzeko aukerak.

Inkesta betetzeko eta iritzia emateko, hainbat modu daude aukeran. Internet bidez egin daiteke: forms.gle/z9HqL1PcqcJcPqAq8 helbidean, edota astigar.eus/aldizkaria webgunean dago eskuragarri. Herriko elkarteen eta eragileen kasuan, posta elektronikoz ere helarazi diete; eta sare sozialetan ere zabalduko dute. Gainera, paperean egin nahi dutenek, Erriberako udal liburutegian daukate aukera.

Emaitzak jaso ondoren, «azterketa sakona» egingo du lantaldeak, eta aurtengo Astigarraga Aldizkarian argitaratuko ditu «jasotako datuak, ekarpenak eta balorazioak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!