«Arrakastatsua izan da Lurraldia herri ekimena, eta urteroko proiekzioa bermatuta dauka»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 19a, 00:00

30 lagunek baino gehiagok egin zuten bisita baserrietara.

Pozik agertu da Goldea elkartea, joan den astean Astigarragan izan ziren ekintza bereziekin, eta San Isidro jaiaren ospakizunarekin.

Lurraldia herri ekimenak hartu zuen Astigarraga, aurreko astean, ilarraren inguruko jardunaldiak eta San Isidro jaia bateratuz, «gure lurralde ama zaindu eta babestearen garrantziaz sentsibilizatzeko». Eta ekimenak izandako erantzunarekin pozik agertu da Goldea elkartea, antolatzaileetako bat, Baratze elkartearekin eta Astigarragako Udalarekin batera. «Arrakastatsua izan da Lurraldia, eta urteroko proiekzioa bermatuta dauka, herritarren, herri-sektoreen eta hartutako udal-konpromisoaren inplikazio eta erantzun maila dela eta», nabarmendu du Goldeak.

Azpimarratu du, baserritarrak izan direla protagonista, «gure natur eta kultur ondarea zaintzeko ahalegina egiten duten pertsonak», eta haiek «sustatu eta aintzatetsi» dituztela ekintzek. 25 baserrik baino gehiagok hartu dute parte Lurraldiaren jardueretan. «Aipatzekoa da udal arduradunekin, teknikariekin eta Goldeako kideekin izandako topaketa, landa-eremuko beharren eta hobekuntzen diagnostikoa egiteko», adierazi du Goldeak.

Familiek Lizardi, Larrabide, Bordatxo eta Taula baserrietara egindako bisitak ere, «oso aberasgarriak» izan zirela nabarmendu du, 30 bisitari baino gehiagorekin. Lizardi baserriko familia izan da omendua, aurten.

Herri kirolek, «maila haundia»

San Isidro eguneko herri kirolak ere goraipatu ditu Goldeak, eta «maila haundia» izan zela adierazi du. Idi-deman, «marka esanguratsuak» ezarri zituzten idi-pareek, 1.640 kiloko Atxitxe harriari tiraka: Pagadizabalenak izan ziren nagusi, 36 plazarekin; Gabrielen idiek 33 plaza, Etxetxokoek 29, eta Artolaren idiek 8 plaza. Ondoren, inguruko bederatzi kirolari gazte aritu ziren, hiru taldetan banatuta, aizkoran, lokotxetan eta trontzan: Suharri, Laiene eta Egoitz nagusitu ziren (23:56); Jokin, Amalur eta Alain izan ziren bigarren (24:52); eta Julen, Nerea eta Jokin hirugarren (25:27). «Jende asko» bildu zela nabarmendu du Goldeak.

 
 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!