Kultur Etxe Zaharreko fatxadako pintadak gaitzetsi ditu Udalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 13a, 00:00

«Beharrezko neurriak hartuko ditugu», salatu du Udalak. Laster abiatuko dituzte margoketa- lanak.

Azken hilabeteotan, Kultur Etxe Zaharreko fatxadan pintada ugari agertu dira, eta Udalak egoera salatu du. Gogorarazi du eraikinean hainbat zerbitzu publiko eskaintzen direla: besteak beste, Berdintasuna, Enplegua, AEK, Gaztelekua eta Sagardoetxea. Hori horrela, errespetua premiazkoa dela nabarmendu du: «udal eraikinen errespetu bera zor zaio Kontxa Etxeberriak Astigarragari utzitako ondareari». Horrez gain, gaineratu du ez eraikinak ez herriak ez duela horrelako mespretxurik merezi.

Horrekin batera, hauxe adierazi du: «ezinbestekoa da zoritxarreko pintaketak egin dituztenek euren jarrerak errotik moztea, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu. Gogora dezagun, horrelako eraikinen mantentze-lanak herritar guztien poltsikotik ordaintzen direla». 

Duela lau hilabete ere, kultur etxe zaharraren sarreran antzeko pintaketak agertu ziren, eta bertako materiala hondatu zen. Hori dela eta, Udalak herritarrei «herria zaintzeko» eskatu die.

Kultur Etxe Zaharraren itxura zikina konpontzeko, Udalak laster abiatuko ditu fatxada zuriz margotzeko lanak, horrek dakarren kostu ekonomiko haundiarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!