Lurraldia ekimena indarra hartzen ari da astea aurrera doan bezala. Honela, gaur, arratsaldeko 16:00etan hasita, herriko baserritarren eta Astigarragako Udalaren topaketa izango da, eta eguneko berezitasun gisa, pintxo potea antolatu dute. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da ilar pintxo potea herriko tabernetan, eta sukaldari profesionalek osatutako epaimahaiak izendatuko ditu ilarrekin egindako pintxo onenak. Lehiaketaren sari banaketa, berriz, gaueko 21:30etan hasiko da.
Bihar, hitzaldia eta Anariren kontzertua
Biharko, bi ekintza antolatu dituzte; arratsaldeko 18:30etan hitzaldia Elena Alonso ingurumen teknikariaren eskutik. Erriberan izango da. Ondoren, 19:00etan, Taula baserrian, Anariren kontzertua izango da.
Etzi, larunbatean, ilar azokak hartuko du Foru plaza, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean, eta ganadu erakusketa ere izango da. Arratsaldean, berriz, bisita gidatuak antolatu dira, baserrietara. 17:00etan emango zaie hasiera bisita gidatuei, eta bertaratzeko, izena eman behar da aurrez, astigarraga.eus webguneko galdetegia beteta. Gaueko erromeriak emango dio amaiera egunari.
Eta San Isidro egunerako, hau da, maiatzaren 15erako, goizetik arratsaldera bitartean ekintza ugari antolatu dira Foru plazan. Elustondo trikitilariekin hasiko da eguna; jarraian, prozesioa, meza eta, ondoren, hamaiketakoarekin sabelak beteko dituzte astigartarrek. Idi dema, bertsolariak eta herri kirolak ere izango dira, San Isidro egunean. Egun haundia izaten da San Isidro Astigarragan, eta Zamalbiden ere ospatuko da, urteroko legez. Bertan ere bertsolariak, meza, salda eta idi demak izango dira egunean zehar.