Inge Lekuona da dinamizatzaile berria Astigarragako Emakumeon Etxean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 12a, 00:00
Inge Lekuona da dinamizatzaile berria.

Bi urteren ondoren, egonkortze bidean da Udalaren eta Emakumeon Etxeko Elkartearen artean kudeatzen den proiektua.

Astigarragako Emakumeon Etxeak dinamizatzaile berria izango du aurrerantzean. Proiektua egonkortze bidean, Udalak beste pauso garrantzitsua emateko asmotan kontratatu du Inge Lekuona. Emakumeon Etxea, Udalaren eta Emakumeon Etxeko Elkartearen artean kudeatzen den proiektua da, eta, Tomas Alba kaleko behin-behineko lokal batean egon eta gero, 2021eko irailean ireki zituen ateak, lehen aldiz, Kale Nagusian 23. zenbakian. 

Une honetan, elkarteak 117 bazkide ditu, eta bazkide berriak erakarri nahi ditu, «jatorri, kultura, arraza, etnia, adin eta sexu-orientabide guztien topagune izan nahi duelako». Emakumeon Etxea emakume guztientzako gunea da, saretzeko, ikasteko eta borrokatzeko balioko duena.

Emakumeon Etxea sortu zenetik buru belarri lanean aritu dira talde eragileko emakume feministak.

Emakumeak hainbat lan-taldetan antolatzen dira, hainbat funtzio garatuz: programazioa, komunikazioa, finantziazioa… Inge Lekuona ere, eskaintza publikoaren bidez hautatutako dinamizatzaile berria, apiriletik ari da lanean.

Aurten, Emakumeen Etxeko Elkarteak programazio zabala antolatu nahi du pandemiaren ondoren etxea biziberritzeko eta emakumeen ahalduntze-prozesuan baliabideak eskaintzeko. Horretarako, Astigarragako emakumeak etxean parte hartzera gonbidatzen dituzte. Berdintasunean oinarritutako herri bat eraikitzeko, herritarrentzat interesgarria izango den programa osatu nahi dute, eta horretarako, ideia eta proposamen berriak bildu nahi dituzte Emakumeon Etxean.

 

Ordutegia eta zerbitzuak

Emakumeon Etxea herritarrei irekita egongo da honako ordutegi honetan: Astearte eta ostiraletan 10:00etatik 13:00etara; asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara.

Bazkideek etxea erabiltzeko aukera izango dute ordutegitik kanpo, AEEren proiektuarekin bat egiten duten jarduerak burutzeko. Espazioa eta bertako materiala erabiltzeko aukeraz gain, aholkularitza juridiko profesionala eta doakoa eskaintzen da. Edozein zalantza edo arazo duen emakume oro bertara hurbiltzeko deia luzatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!