Baserria herritarrengana eta herritarrak baserrira hurbiltzeko, Lurraldia ekimena etzitik martxan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00
Ostegunean aurkeztu zuten Lizardi baserrian, Lurraldia ekimena.

Maiatzaren 14an, baserrietara bisita gidatuak antolatu dira herriko familientzat. Aldez aurretik izena eman behar da eta dagoeneko aukera dago astigarrarga.eus webgunean. 

Ostegunean, Lurraldi ekimena aurkeztu zuten Lizardi baserriaren aurrean, Astigarragako Udalak, Goldea Elkarteak, herriko baserritarrek eta Behemendik. Izan ere, Lurraldia ekimena aurrera eramateko, Baserritarren mahai eta Astigarragako Udala elkarlanean ari dira, besteak beste, baserritarren lanari balioa emateko:  «baserria herritarrengana hurbilduz eta herritarrak baserrira hurbilduz» zioen Antton Arka Goldea Elkarteko kideak. 

Esan daiteke, IX. Ilar eguna eta San Isidro eguna bateratuz sortu dutela Lurraldia ekimena, eta egitarau oparoa prestatu dute, helburu nagusi batzuekin: «udalerriko ama lurraren babesari, sustapenari eta bertako baserritarren aitortzari gogoz ekitea eta herritarrak horrekin sentsibilizatzea eta jabe egitea». 

Lurraldiaren aurkezpenean, aipatu zen, egitarauan dauden jarduera asko, ez-ohiko lekuetan egingo direla: «gaurko prentsaurrekoa bezala, herritarrak baserrietara inguratu nahi ditugulako, eta horretarako egingo ditugu, bisita gidatuak eginez baserrietan, kontzertua antolatuz Taula baserrian...»

 

Lurraldia, izena eta izana 

«Gure lurraldean oinarritutako, baserriarekin eta lurrarekin ekimen eta jardueren aldi bat egin nahi dugu urtero» adierazi dute antolatzaileek. Eta hain zuzen ere, hortik dator Lurraldia izenburua. Maiatzaren bigarren hamabostaldia izango da, San Isidro egunaren bueltan. 

 
Egitarau oparoa, etzitik hasita 

Maiatzak 9tik 12ra bitartean Ilarraren astea antolatu da, eta astean zehar baratzen bisitak izango dira, Astigarragako Herri Eskolako eta inguruko ikastetxeetako ikasleekin: «erakutsiko diegu nola egiten dugun lana, eta gero ilar kata bat egingo dugu, gazteek ezagutu dezaten zer den ilarra, askok ez baitute jaten». 

Maiatzaren 12an, ostegunean, arratsaldeko 16:00etan, herriko baserritarren eta Astigarragako Udalaren topaketa egongo da, eta eguneko berezitasun gisa, pintxo potea antolatu dute. Arratsaldeko 19:00etan hasiko ilar pintxo potea Astigarragako tabernetan, «sukaldari profesionalak osatutako epaimahaiak izendatuko ditu ilarrekin egindako pintxo onenak». Lehiaketaren sari banaketa gaueko 21:30etan hasiko da. 

Maiatzaren 13rako, bi ekintza antolatu dira; arratsaldeko 18:30etan hitzaldia Elena Alonso ingurumen teknikariaren eskutik, eta 19:00etan Taula baserrian, Anariren kontzertua. 

Hurrengo egunean, ilar azokak hartuko du Foru plaza, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean, eta ganadu erakusketa ere izango da. Arratsaldean, berriz, bisita gidatuak antolatu dira, baserrietara. 17:00etan emango zaie hasiera bisita gidatuei, eta bertaratzeko aurrez izena eman behar da, astigarraga.eus webguneko galdetegia beteta. Gaueko erromeriak emango dio amaiera egunari. Eta San Isidro egunerako, hau da, maiatzak 15erako, goizetik arratsaldera bitartean ekintza ugari antolatu dira Foru plazan. Elustondo trikitilariekin hasiko da eguna; jarraian prozesioa, meza eta ondoren hamaiketakoarekin sabelak beteko dituzte astigartarrek. Idi dema, bertsolarik eta herri kirolak ere izango dira, San Isidro egunean.

 

LURRALDIA - EGITARAUA


Maiatzak 9tik 12ra 

Illarraren astea Astean zehar baratzen bisitak izango dira, Astigarragako Herri Eskola eta inguruko ikstetxeetako ikasleekin. 


Maiatzak 12

16:00 Herriko baserritarren eta Udalaren arteko topaketa

19:00 Astigarragako tabernetan ilarrez egindako ilar pintxo-potea eta pintxo lehiaketa.

21:30 Pintxo lehiaketaren sari banaketa


Maiatzak 13

18:30 Hitzaldia: Santiomendiko landazabaleko heskai biziak, Elena Alonso ingurumen teknikariaren eskutik. Erribera kulturgunean.

19:00 Anariren kontzertua. Taula baserrian (eguraldi txarra eginez gero, Joseba Barandiaran plazan).


Maiatzak 14

10:30-14:00 Ilar azoka eta herriko baserrietako ganadu erakusketa, Foru Plazan.

17:00 Bisita gidatuak baserrietara Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. 

23:00 Berbena, Laiotz taldearekin, Joseba Barandiaran plazan. 


Maiatzak 15 San Isidro eguna, Foru plazan

09:30 Elustondo trikitilariak

10:00 Prozesioa, meza eta ondoren hamaiketakoa Gure Izarra elkartean. 

10:00 Lizardi baserriko loreen erakusketa. 

12:30 Idi dema. Plazaratu gabeko idiak, 1.640 kilomgramoko Atxitxe harrairekin (Partola, Gabriel, Etxetxo eta Pagadizabal). 

13:00 Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak 

Bazkalondoan, Lizardi baserriko gamiliari merezitako esker ona

18:00 Herri kirolak: trontza eta aizkora lanak, emakumezko eta gizonezko partaidekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!