«Emanaldi batek beti pizten dizu ilusioa, baina zure herrian izateak are gehiago»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 7a, 00:00

Maialen Mujika eta Beñat Sasiain, Erriberako atariaren aurrean. Kulturguneko auditorioan dantzatuko dute gaur.

Emanaldi berezia eskainiko du Kresala dantza taldeak, gaur iluntzeko 20:00etan Erriberan. Eta are bereziagoa izango da saioa, taldeko hiru dantzari astigartarrentzat: Maialen Mujika, Beñat Sasiain eta Ibai Ochoa de Alaiza.

Elkanoren lehenengo mundu bira dantza bidez interpretatuko dute gaur, iluntzeko 20:00etan hasita, Erribera kulturgunean. Donostiako Kresala dantza taldea igoko da taula gainera, Amoria&Dolore emanaldia eskaintzeko; eta dantzarien artean izango dira hiru astigartar: Beñat Sasiain, Maialen Mujika eta Ibai Ochoa de Alaiza.

Kresalarekin aurrenekoz dantzatuko dute herrian, hainbat urtetan Astigar dantza taldean aritu ondoren. Eta aurrenekoz ariko dira, baita ere, Erriberako auditorioan. Horregatik, oso egun berezia izango da gaurkoa, haientzat: «Kresalarekin dantzatzea gauza berezia da, eta gure lana Astigarragan erakustea, are gehiago. Gainera, areto ederra da Erriberakoa; oso auditorio polita da, Astigarraga bezalako herri batentzat. Plazer bat izango da bertan dantzatzea», nabarmendu du Ibaik. Hala berretsi du Beñatek ere: «emanaldi batek beti pizten dizu ilusioa, baina zure herrian izateak are gehiago. Badakizu familiakoak eta lagunak etorriko direla, eta emozioa haundiagoa da. Oso gogotsu gaude».

Gertukoak ikusleen artean egotea, pizgarria izango da haientzat, baina baita urduritasun iturri ere: «oraindik ez gara urduri jarri, baina emanaldia gerturatu bezala... Senideak joan izan dira beste emanaldi batzuetara, eta ikusi gaituzte dantzan; baina lagunek ez. Eta beraiek ikusleen artean egotea, beste pizgarri bat da», dio Maialenek. «Familia eta lagunak bertan egoteagatik, beharbada presio pixka bat gehiago jartzen diozu zure buruari», azaldu du Beñatek: «urduritasun gehiago daukazu, beraiek ikusiko zaituztelako dantzan». Ingurukoak bertan izatea «ederra» izango dela uste du Ibaik ere, eta «urduriago» egon daitezkeela: «baina, era berean, emozio eta gogo gehiago izango dugu».

Kresalan denbora gehiago daramaki Ibaik, bospasei urte; eta dantza taldeko «berrienak» dira Maialen eta Beñat: «Kresalako dantza eskolan aritu ginen aurretik, hiru urte inguru; baina dantza taldean bi urte daramazkigu. Konfinamenduaren ondoren sartu ginen, eta pandemiarekin, pixka bat zailagoa izan dugu», diote. 2020ko uztailaren 25ean estreinatu zuen Amoria&Dolore obra Kresalak, Bilboko Euskaldunan. Hasieratik aritu da Ibai, eta bigarren emanaldirako sartu ziren Maialen eta Beñat. Ordutik, makina bat emanaldi eskaini dituzte, Astigarragara ekarri aurretik.

 

«Ikusleek ez dute esperoko, ikusiko dutena»

Euskal dantza eta dantza garaikidea daude nahastuta Kresalaren emanaldian, Faustino Aranzabalen zuzendaritzapean. «Gure lagunek esaten digutenagatik, iruditzen zait ikusleek ez dutela esperoko, emanaldian ikusiko dutena. Askok imajinatzen dute, izango dela euskal dantza saio bat, Astigar taldeak egin duen moduan; oso dantza ohikoak eta betikoak. Baina nahiko desberdina da, garaikideagoa. Espero dugu gustatuko zaiela», dio Beñatek. «Gainera, antzerki estilokoa ere bada», nabarmendu du Maialenek: «istorio bat kontatzen du emanaldiak. Dantza batek, zerikusia dauka aurrekoarekin».

Hiru astigartarrek daramakite «ia bizitza osoa» dantzan, eta urte askotan aritu dira Astigar dantza taldean. «Ahal dugun heinean, dantzatzen jarraitu nahi dugu, eta horrelako ikuskizunekin disfrutatu», azaldu du Ibaik. Kresalan «talde haundia eta esperientziaduna» aurkitu dute, eta astean hirutan egiten dituzte entsaioak, aukera dutenek behintzat: «nahiko potenteak izaten dira entsaioak, gainera. Konpromiso haundia daukate dantzari guztiek», diote Beñatek eta Maialenek. Ibaik, ordea, taldearekin astean behin entsaiatu dezake gehienez, Bilbon ikasteak ez baitio entsaio guztietara joateko aukerarik ematen, taldeko beste zenbait kideri bezala.

Gaurko emanaldian ez du inork huts egingo, berezia izango baita denentzat; eta inoizko bereziena, hiru astigartarrentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!