Bidebitarte asfaltatzeko lanak edota kirola, kultura, euskera eta jaien arloko dirulaguntzak onartutzat, astearteko plenoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 6a, 00:00
Otsaileko osoko bilkura egin zeneko argazkia.

Osoko bilkuran erabaki zen Berdintasun arloko jarduerak burutzeko dirulaguntzen deialdia eta oinarriak onartzea, besteak beste. 

Asteartean ospatu zen osoko bilkura Astigarragan, eta 2022-23 ikasturteko Kiroldegiko tasen aldaketaren onarpenarekin eman zitzaion hasiera plenoari. Gainera Udalak aditzera eman zuen, akordioa jendaurrean jarriko dela erakusgai, 30 egun baliodunez, alegazioak aurkezteko. 

Horrez gain, honako diru partidak ere onartu ziren: udaltzaingoarentzat arropa erosteko 5.000 euro; Bidebitarteko zati bat asfaltatzeko obretarako, 32.000 euro; haurreskola berrian azken egokitzapen batzuk egiteko 40.000 euro; Astigar dantza taldearentzat, jantzi berriak egiteko 7.000 euro; obra zuzendaritzetarako 11.000 euro eta Galtzaur elkartearen egoitzan aireztatze sistema jartzeko, 13.500 euro. 

Halaber, asteartean, Tokiko Gobernu Batzarrean Udalak erabaki zuen Bidebitarteko industrialdea asfaltatzeko hirugarren faseko lanak egiteko lehiaketa martxan jartzea: «Lizitazioaren gehienezko aurrekontua 240.219,35 eurokoa da (BEZa barne) eta obrak gauzatzeko epea 7 astekoa izango da, gehienez ere». Lan horiek udan egitea aurreikusi du Udalak. 

 

Hainbat dirulaguntza

Era berean, duela bi hilabete, Udalak dirulaguntza deialdia ireki zuen, kirola, euskera, kultura eta jaien arloan jarduerak burutzeko, eta ondorengo dirulaguntzak emango ditu Udalak: Mundarro F.K. Elkarteari, 5.100 euro; Astigarte Elkarteari, 3,786 euro: Txirriskla taldeari, 8.070 euro; Musika eskolari, 7.410 euro; Herri eskolari 4.075 euro; Danak Bat elkarteari, 15.000 euro; eta Bentak-Zamalbide elkarteari 10.000 euro. Horrez gain, Berdintasun arloko jarduerak burutzeko dirulaguntzen deialdi eta oinarriak onartzea ere erabaki zen: «Deialdia laster argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean».  Azkenik, Urumea Berrriko auzoan egindako azken etxe sailean, Udalak 3 etxebizitza eta 2 lokal eskuratzea erabaki du: «dagokion BEZa ordaindu eta jabetza horien eskriturak eginez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!