Gaur hasiko da Bidasoako Itzulia, afizionatu mailako lasterketa garrantzitsuenetako bat. Hiru urteko etenaldiaren ondoren, bueltan izango da berriro, eta hiru etapatan jokatuko da, larunbatera bitarte. 124 txirrindularik hartuko dute parte, eta horien artean izango dira bi astigartar: Enekoitz Azparren eta Telmo Semperena.
Hiru etapa gogor izango dituzte aurretik. Aurrenekoa, Irunen hasiko da gaur, eguerdiko 14:20etan; eta 104,2 kilometroko ibilbidea osatuko dute, Igantziko Irrisarri Land parkean bukatzeko, 17:00ak aldera. Aldapa gora egingo dituzte etapako azkeneko bi kilometroak, eta aurreneko tarteak egingo dira faboritoen artean.
Bigarren etapa, berriz, Hendaian hasiko da bihar, 14:20etan; eta Hondarribian bukatu, 17:30ak aldera. 119,4 kilometroko ibilbidea izango dute, bi mendaterekin: Ziga igoko dute aurrena (3,4 kilometro, %2,8ko batazbesteko aldaparekin), eta Jaizkibel ondoren (8 kiometro, %5,4an), helmugatik 9 kilometrora.
Eta hirugarren etapa larunbatean izango da, Irunen 15:25etan hasi eta bertan bukatuta, 17:30ak aldera, 77,3 kilometroko ibilbidearekin. Etapa laburrena bai, baina gogorrena ere izango da, bost mendate igo beharko baitituzte: Gurutze (3,1 kilometro, %4,8an), Aritxulegi (6,3 kilometro, %6,1ean), Agiña (4,3 kilometro, %6,2an), San Martzial (2,6 kilometro, %5ean), eta Erlaitz (4 kilometro, %10,4an). Azkeneko horretatik, 20 kilometro izango dituzte helmugara.