Astigarragako kultur agendak izan dituen azken aldaketen berri eman zuten, herenegun, Erriberan, Aintzane Barandiaran kultura zinegotziak eta Amaia Usabiaga kultur teknikariak. Liburuxka formatuko agenda izango da berrikuntza. «Iruditzen zaigu informazioa modu argiagoan eta errazagoan uler daitekeela, eta estilo kontuagatik aldatu dugu», adierazi zuen Barandiaranek. Azken modelo hori, hirugarren agenda estiloa izango da.
Etxean, eskatzaileek soilik
Hemendik aurrera, eskatzaileek soilik jasoko dute agenda paperean, buzoiean. Usabiagak azaldu zuenez, paperaren gehiegizko erabilerari aurre egin nahi diote. Eskaera egiteko orria maiatzeko agendaren atzealdean dago. Eskaera bete eta Erriberan entregatu behar da. Eta, bestela, Udalaren webguneko (astigarraga.eus) formularioa beteta ere egin daiteke.