Udalak jakitera eman duenez, herritarren laguntza nahi du Kultur Etxe zaharraren etorkizuneko erabilera erabakitzeko. Eraikina eraiki arazi zuen Kontxa Etxeberriak, eta 1904-1930 urte bitartean altxa zuten. Lehenengo garai hartan, ikastetxea eta umezurtz-etxea izan zen. Ordutik, erabilera soziala eman zaio eraikuntzari, eta herritarren ongizatearekin lotutako proiektuak garatu dira bertan. 2020ko irailera arte Kultur Etxe gisa funtzionatu izan du, eta Erribera Kulturgunea ireki zenean, eraikinari erabilera berria emateko aukera ireki zen.
Etorkizuneko zerbitzuak, herritarren aukeran
Kultur Etxe zaharrean, une honetan, hainbat zerbitzu eskaintzen dira: Gaztelekua, AEK, Udalaren Berdintasun eta Enplegu sailak eta sagardoetxearen bulegoak. Udalak adierazi du zerbitzu horietako batzuk epe ertainera bertatik ateratzea aurreikusten dutela. Beste batzuk ordea, etorkizunean ere, bertan geratuko dira.
Eraikinari etorkizunean, «herriko behar eta nahiei lekua ematea» da helburua. Horretarako, libre geratuko diren espazioei eman ahal zaien erabileraren gainean herritarren iritzia ezagutu nahi du Udalak, hainbat galdetegiren eta saioren bidez. Datozen hilabeteetan izango dira ekintza horiek. Galdetegiak zein saioak, irekiak izango dira eta Udalak parte hartzeko gonbitea luzatu dio Kultur Etxe zaharraren etorkizuneko erabakiak hartzeko interesa duen herritar orori.
Eraikin zaharrarekin zer egin erabakitzeko partaidetza prozesu honetan, gidari lanetan laguntzeko asmoz, Udalak Hiritik At enpresaren laguntza kontratatuko du. Hain zuzen ere, bertako profesionalek, Udalarekin batera, dinamizatuko dute herritarren eta eragileen partaidetza.