'Bapo kantari' kantu afaria maiatzaren 20an ospatuko da, Petritegi sagardotegian

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 3a, 00:00

Agin Laburu bertsolari astigartarrak ere hartuko du parte 'Bapo kantari'n.

Arratsaldeko 20:00etan izango da. Sarrerak salgai daude: Petritegin, bertara deituz eta Petrikafen.

'Bapo kantari' kantu afaria antolatu dute maiatzaren 20rako. Petritegin izango da, iluntzeko 20:00etan hasita. Pandemiaren ondorioz, azken bi urteotan, ezin izan dute ospakizuna egin. Aurten, ordea, osasun egoera hobetuta, hitzordua zehaztu dute hilabete honetarako.

Afari hau duela bederatzi urte antolatu zuten lehenengoz, Astigarragako Herri Eskolako eta musika eskolako zenbait irakaslek eta gurasok. Ordutik, urtero egin zuten, pandemia iritsi zen arte. Geldialdiaren ostean, diote, «gogotsu gatoz berriz ere, kanturako gogoz, itxialdi, musuko eta bestelako mugak ahaztu eta afalondo bikaina pasatzeko asmoz». 

Oraingo honetan ere, musika eskolako eta ikastolako zenbait irakaslek, ikaslek eta guraso 'saltsero'-k antolatu dute afaria, Agin Laburu eta Joanes Ilarregi bertsolarien eta Petritegi Sagardotegiaren parte-hartzearekin batera. Ilusioz prestatu dute guztia, eta bertaratzeko deialdia luzatu diete herritarrei: «kantuan aritzea gustuko baduzu, etorri. Bapo afaldu eta kantuan ibiliko gara, eztarria urratu arte».

 

Sagardotegi menua

Kantu afarian, sagardotegiko menua egongo da, «arraiarekin, kafearekin, koparekin eta afalondo luzearekin», diote. Txartelak salgai daude dagoeneko, 29 euroan, Petritegi Sagardotegian, Petrikafen, eta 943 45 71 88 telefono zenbakira deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!