Tailerra eta Kresala dantza taldearen ikuskizuna, maiatzean Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 30a, 00:00
Xabier Urdangarin alkatea eta Aintzane Barandiaran kultura zinegotzia, Kresala taldeko lau dantzarirekin batera

Maiatzerako hainbat kultur jarduera antolatu dira, Astigarragan: zinea, hitzaldiak, kontzertuak, literatur solasaldiak eta emanaldiak, besteak beste. Hilaren 7rako zehaztu dute lehenengo emanaldia: Kresala taldea igoko da oholtzara, 20:00etan, Erriberan.

Datorren hilabetea indartsu datorkigu, proposatutako kultura aukera zabala ikusita. Erribera kulturgunean egingo den lehen emanaldia, Donostiako Kresala taldearena izango da: «Amoria & Dolore. Elkanoren lehen mundu bira». Asteazkenean aurkeztu zuten emanaldia, Erriberan, eta bertan izan ziren Xabier Urdangarin alkatea, Aintzane Barandiaran kultura zinegotzia, eta Kresala taldeko lau dantzari, taldeko hiru astigartarrak tartean: Ibai Ochoa de Alaiza, Maialen Mujika eta Beñat Sasiain. 

Astigarraga herriak tradizio handia du dantzaren esparruan, eta ibilbide luzeko taldea du: 1976an sortutakoa. Orain arte, urtez urte dantza emanaldi asko eskaini dira, herriko talde eta talde gonbidatuen eskutik. Emanaldiak lehen, kalean, plazan edo frontoian izaten ziren. Gaur egun, aldiz, Erribera kulturgunean egin daitezke emanaldi horiek, eta hori da, udalak sustatu nahi duena. Aintzane Barandiaran, kultura zinegotziak gaineratu zuen, Udalak eta Kultura Sailak gogoa dutela aurrerantzean «dantza saioei lekua egiteko» Erriberan. 

Bestalde, Kresalako kideek azaldu zuten, emanaldia oso berezia dela beraientzat: «batetik, Astigarragako dantzariak dauzkagulako taldean; eta bestetik, aforo murrizketarik gabeko aurreneko emanaldia delako guretzat. Bilboko Euskalduna Jauregian estreinatu genuen 2020an, eta 11 emanaldi eskaini ditugu ordutik, Euskal Herrian, eta baita Ekuadorren ere». Gainera, azaldu zuten obrak badaukala Astigarragarekin eta bere inguruarekin lotura: «sagarraren kulturaren inguruan bi pieza sortu zituen Faustino Aranzabalek, bi sagar dantza. Aurrenekoak badauka joko edo lehiaketa izaera bat, Maskaradetara eramaten gaituena; eta bigarrena da garai klasikoko koreografia txiki bat, mimika daukana».

Faustino Aranzabalek zuzendutako obra honek, euskal nabigazioaren urrezko aroan zehar bidaiatzen du eta aitzinako musikan du inspirazio iturri nagusia. Helduentzat sarrerak 8 euro balio ditu, eta adin txikikoentzat, berriz, 4 euro.

 

Kultura jarduera mordoa, maiatzean

Astigartarrek hainbat kultur ekitaldi izango dituzte, datorren hilean. Laguntza eta atseden tailerra eskainiko da, zaintzaileei zuzenduta, hilaren 3, 17 eta 31ean. Harituz elkarteak eta Berdintasuna sailak elkarlanean antolatu dute tailerra, eta doan izango da. Izen ematea, astiharituz@gmail.com helbidean eta 630 67 84 74 telefonora deituta egin daiteke. 

Hurrengo ostegunean, maiatzak 5ean, Elmer, David Mckee-ren ipuina landuko du, ipuin kontalariak (Lur Korta). Arratsaldeko 17:00etan izango da, liburutegian, eta 4 urtetik gorakoei zuzendua egongo da. Haurrek gurasorik gabe egon beharko dute bertan, eta parte hartzeko gonbidapena eskatu beharko da, liburutegian aste berean.

Hiru hitzaldi izango dira, maiatzean. Lehena, hilaren 13an izango da, eta Santiomendiko Landazabalean heskai biziak babesteko eta berreskuratzeko proiektuaren inguruan arituko dira. Hiru egunetara, hilaren 16an, Amelia Barquin, Mondragon Unibertsitateko irakaslea, gure umeak eta hezkidetzaren inguruan arituko da; eta, hilaren 18an eta 26an, heziketa digitala landuko duen hitzaldia emango da. 

Maiatzean ere, bi kontzertu egongo dira, bata hilaren 14an eta bestea, hilaren 28an. Tenpora, talde tolosarrak, kontzertua emango du, Erriberan, Berriro asma nazazu izeneko disko berria aurkezteko. Helduen sarrerak 8 euro balio ditu, eta adin txikikoentzat 4 eurotan egongo dira. Eguna amaitzeko, gaueko 23:00etan Laiotz taldearen berbena egongo da, Joseba Barandiaran plazan, San Isidro eguna ospatzeko asmoz. Bigarren kontzertua akustikoa izango da, eta hurrengo hauek joko dute: Elenitakata, Apalatxe eta Paradoxus Luporum. Azken kontzertu hau, Gazteria sailak antolatu du, sarrerak 8 euro balio ditu aurrez erosita, egunean bertan 10 euro, eta online lortzea ere posible izango da, entradium.com webgunearen bidez.

 

Sarrerak laster salgai

Sarrerak hilabete hasieratik salduko dira Udalaren webgunean, www.astigarraga.eus; Erriberan, arratsaldez, eta leihatilan bertan, emanaldiaren egunean, ordubete lehenago.

 

Kultur agenda

Maiatzak 5, ipuin kontalaria: ELMER, David McKee (Klis klasikoak). 17:00etan, liburutegian.

Maiatzak 7, Dantza ikuskizuna: Amoria&Dolore Elkano, lehen mundubira.(Kresala dantza taldea) 20:00etan, Erriberan.

Maiatzak 8, zinea haur eta helduentzat: 'Orkestra lurtarra', 16:30etan, Erriberan. 'Coda' helduentzat filma, 19:00etan, Erriberan.

Maiatzak 12, IX. Ilar Eguna: haurrentzako baratzetara bisita 09:00etan eta, ondoren, Ilarren pintxopotea herriko tabernetan. 21:30etan, ilar-pintxo onena sarituko da. 

Maiatzak 13, hitzaldia: 'Santiagomendiko landazabaleko Heskai biziak'. 18:30etan, Erriberan.

Maiatzak 14, Tenpora taldearen kontzertua: 'Berriro asma nazazu'. 20:00etan, Erriberan.

Maiatzak 14, IX. Ilar Eguna: ilar azoka eta ganadu erakusketa, 10:30etatik 14:00etara, Foru Plazan. Ondoren, 17:00etan, baserrietara irteera gidatua familientzat, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. 

Maiatzak 14, San Isidro eguna ospatzen hasteko: Laiotz taldearen kontzertua. 23:00etan, Joseba Barandiaran plazan.

Maiatzak 15, San Isidro eguna, Foru Plazan. 09:30etan, Elustondo trikitilariak; 10:00etan, prozesioa, meza eta, ondoren, hamaiketakoa Gure Izarra elkartean; 10:00etan, Lizardi baserriko loreen erakusketa; 12:30etan, Idi dema; 13:00etan, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak; 
18:00etan, herri kirolak (trontza eta aizkora lanak) emakumezkoen eta gizonezkoen bikoteen artean. Zamalbide-Bentak auzoan ere ospatuko da.

Maiatzak 16, hitzaldia: 'Gure umeak eta hezikidetza: gogoeta eta erronkak'. 17:30etan, Erriberan.

Maiatzak 18 eta 26, hitzaldia: 'Heziketa digitala'. 17:00etan, ikastolako aretoan.

Maiatzak 21, antzerkia: 'Winona eta Grace'. Khea Ziater konpainia. 20:00etan, Erriberan.

Maiatzak 27 libururaren aurkezpena: 'Gure patua ehunduz'. 19:00etan, Erriberan.

Maiatzak 28, emanaldia: 'Udaberri giroan, sagarrondoen loraldia'. 17:00etan, Sagardoetxeko sagastia. Gero, kontzertu akustikoa: Elenitakata-Apalatxe-Paradoxus Luporum. 18:00etan, Erriberan.

Maiatzak 29, zinea haur eta helduentzat. 'Tom eta Jerry' filma 16:30etan, Erriberan. 'Belfast' helduentzako filma, 19:00etan, Erriberan.

Maiatzak 30, literatur solasaldia: 'Los ingratos'. 19:30etan, Erriberan.

TAILERRAK

Maiatzak 3, 17 eta 31, Zaintzailea zainduz, laguntza eta atsedena. 16:00-18:00/18:00-20:00, Erriberan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!