Iruñeko Alde Zaharreko erraldoi eta kilikiak bisitan etorriko dira bihar, ohitura berreskuratuz

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 29a, 00:00

Iruñeko Alde Zaharreko dultzaineroak eta erraldoiak, aurreko bisita batean.

Iruñeko dultzainero talde batekin eta Txirriskla taldeko txistulariekin batera ibiliko dira kalejiran, eguerdiko 12:00etan Foru Plazatik abiatuta.

Urteroko ohitura berreskuratuko dute bihar, Astigarragan: Iruñeko Alde Zaharreko erraldoi eta kilikiak etorriko dira bisitan, eta kalejira egingo dute, herrian barrena. Eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Foru Plazatik, Iruñeko dultzainero talde batekin eta Txirriskla taldeko txistulariekin batera, herriko kaleak eta plazak alaitzeko.

Pandemiaren aurretik, urtero egin dute elkartrukea, Astigarragako Txirriskla txistulari taldeak eta Iruñeko Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsak. Horrela, urtean behin egiten dute bisita haiek Astigarragara, apirilean; eta ondoren, San Fermin Txikito festetara joaten dira Txirrisklako txistulariak, irailean, Iruñekoen kalejirarekin bat egiteko.

Pandemiaren eraginez, azkeneko bi urteotan ezin izan dute halakorik egin; baina egoera hobera egin duen honetan, ohitura polita berreskuratu dute.

Giro ederra sortu izan da beti, Iruñeko Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien bisitarekin; eta makina bat herritarrek egin izan dute bat haiekin, kalez kale festa giroan ibiltzeko. Herriko erraldoi eta buruhaundiek ere parte hartu izan dute kalejiran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!