Poltsa konpostagarriak Erriberan, edukiontziak irekitzeko txartelarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 26a, 00:00
Erriberako ordutegietan erabili ahal izango da poltsak eskuratzeko makina.

Etxebizitza bakoitzak urtean 185 poltsa eskuratzeko aukera izango du. Eta poltsak hartzeko edukiontziak irekitzeko txartela erabili behar da.

Astigarragako Udalak organikoaren edukiontzi marroian erabiltzeko poltsa konpostagarriak banatuko ditu doan. Etxebizitza bakoitzak 10 astero poltsa zorro bat eskuratu ahal izango du, eta zorro bakoitzak 37 poltsa konpostagarri ditu: «astean 3 edo 4 poltsa erabiltzeko» nabarmendu du Udalak. 

Poltsa konpostagarri hauek hartzeko makina Erribera kulturguneko sarreran dago, eta beraz, kulturgunea zabalik dagoen ordutegian bertaratu daitezke herritarrak poltsak hartzera. Honako ordutegian, hain zuzen: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara; udan, berriz, abuztuaren 1etik 31ra goizeko 09:00etatik 14:30etara. 

Poltsak hartzeko, edukiontziak irekitzeko txartela behar dela ere jakinarazi du Udalak, eta helburuak zeintzuk diren ere azaldu ditu: «poltsa konpostagarriak banatzea da helburua, hondakin organikoak egoki bereiztea bultzatzeko» Ekimen honekin gainera, hondakin organikoak egoki bereizteko astigartarrek egiten duten ahalegina ere saritu nahi du Udalak. 

 

Gomendioak, makinaren 
erabilpenari buruz 

Edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoa makinaren irakurgailura hurbildu behar da. Horrez gain, makinaren pantailan zehazten da zein egunetik aurrera eskuratu daitekeen hurrengo poltsa-zorroa. Eta makina zerbitzutik kanpo egonez gero, edo arazorik balego, honako telefonora deitu behar da: 900 102 833. 

Azkenik, Udalak aditzera eman du poltsa konpostagarriak edukiontzi marroirako erabili behar direnez, etxe edo auzo-konposta egiten duten herritarrek ezin izango dituztela poltsa konpostagarriak eskuratu. k
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!