Bisitari ugari eta giro polita, atzoko azokan

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 19a, 00:00

Giro polita sortu zen postuen inguruan, sortzaileen eta bisitarien artean.

Astigarragako lau plazatan banatuta egin zuten Gazte Sortzaileen Azokaren bigarren edizioa, atzo goizetik iluntzera, 20 postu ingururekin.

Oporraldiko kale erdi hutsei eta eguraldi grixari erremedio ederra jarri zioten atzo, Astigarragan. Gazte Sortzaileen Azoka egin zuten bigarrenez, Astigarragako Gazte Asanbladak antolatuta; eta bisitari ugari gerturatu ziren postuetara, herriko sortzaileen lanak ikusi eta erostera.

20 postu inguru jarri zituzten, herriko lau plazatan banatuta: Emakumeon Plazan, Joseba Barandiaranen, Norberto Almandoz plazan eta Kontxa Etxeberria plazan. Egun osoan zehar egon ziren bertan, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00etara; eta giro polita sortu zen, bereziki bisitari gehien izan ziren orduetan.

Koloretsuak izan ziren postuak, eta mota guztietako produktuak izan zituzten aukeran herritarrek: kamixetak, jertseak, poltsak, motxilak, karterak, belarritakoak, pultserak, lepokoak, txanoak, buruko zintak, haurrentzako zapatak, koadernoak, gerrikoak, ukenduak... Bukaeran, gainera, zozketa berezia egin zuten, azokan produkturen bat erosi zuten guztien artean. Ameba eta Zulo taldeen kontzertuarekin borobildu zuten eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!