Hitzarmena URArekin, Ergobian uholdeen aurkako obrak egiteko

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 17a, 00:00

Tokiko Gobernu Batzarrak bilkuran onartu du hitzarmena. Norberto Almandoz musika eskolarentzako dirulaguntza bideratuko da

Apirilaren 12ko Tokiko Gobernu Batzarrean hainbat erabaki hartu zituen Astigarragako Udalak.Lehenik, Udalak lankidetza hitzarmena onartu du URA agentziarekin Akarregi eta Ergobia tartean Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuaren 1. fasearen lanak egiteko.

Hitzarmenaren arabera, URAren Euskal agentziari dagokio obrak lizitatu, gauzatzea, ikuskatzea eta finantzatzea. Astigarragako Udalari dagokio obrek eragindako lursail guztiak URAren Euskal Agentziaren esku jartzea, horretarako dagokion desjabetze-espedientea izapidetuz.

 

Uholdeen aurkako obrak bi fasetan, 8 milioi euroko aurrekontua izango du

Ergobia-Akarregi eremuan egingo diren obren helburua da Astigarragan eta Hernanin ibaian gorako laminaren altuera murrizteko diseinatutako portaera hidraulikoa lortzea, uholde natural eta errepikakorren aurrean segurtasuna areagotzeko. Proiektu osoaren aurrekontua 8 milioi euro ingurukoa da.

Lehen fasearen kostua 3,2 milioikoa da, gauzatzeko epea 9 hilabetekoa eta 2022an hastea aurreikusten da. Bigarren fasea 2023ko urte amaieran hastea aurreikusten da.

Laburbiduz, ebakidura lehor bat egingo da Akarregi-Ergobia meandroan. Hau da, kanal berri bat eraikiko da, ur goraldi eta emari haundiko momentuetan ulekutik joango da, eta parke flubial gisa erabili ahal izango da. Ebakidura lehor horrekin batera, ibilgua zabaldu eta plataformak egokituko dira, ibaiaren ezkerreko eta eskuineko ertzetako hainbat zatitan.

Lehenengo fasean meandroaren ezkerraldea egokituko da. Bigarren fasean, berriz, eskuinaldea egokituko da eta Ergobiako zubia birgaituko da.

 

Gaztelekuko zerbitzua kontratatzeko pleguak onartu ditu Udalak

Bestetik, Astigarragako nerabeentzako zerbitzu balioaniztuna (Gaztelekuko zerbitzua) kontratatzeko lehiaketaren pleguak onartu dira. Zerbitzu horren helburua da Astigarragako nerabeentzako zerbitzu balioaniztuna kudeatzea, hala nola, informazioa, orientazioa, laguntza, aisia-hezkuntza, adierazteko eta parte hartzeko kanalak, eta sorkuntza eta ekoizpenerako laguntza. Lizitazio prezioa urteko 94.158,51 eurokoa da (BEZa barne). Lehiaketa hori laster jarriko da martxan.

 

Musika eskolarentzako, 180 mila euroko laguntza

Dirulaguntza izenduna Musika Eskolari: apirilaren 12ko Tokiko Gobernu Batzarrak, bestalde, Norberto Almandoz Musika Eskolarentzat 180.000 euroko dirulaguntza onartu du 2022ko jardueren programarako

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!