Gazte Sortzaileen Azokak herriko kaleak hartuko ditu astelehenean, makina bat posturekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 15a, 00:00

Ainhoa Arzallusen lanak salgai egongo dira azokan.

Gazte Asanbladak antolatuta, 23 postu jarriko dituzte herriko kaleetan barrena. Gainera, Zulo eta Ameba taldeen kontzertuak izango dira.

Joan den urteko arrakasta ikusita, Gazte Sortzaileen Azokak bigarren edizioa izango du aurtengoan, Gazte Asanbladak antolatuta. Astelehenean izango da, hilaren 18an, goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00etara bitartean. Antolatzaileek Kronikari aurreratu ziotenez, postu mordoa izango dira aurtengo azokan; zehazki, 23 postuk ematen dute izena aurtengo edizioan. Gainera, gazte sortzaileen proiektuak ezagutzeko aukeraz gain, musikaz gozatzeko tartea ere izango da. Hain justu, 19:30ak aldera, Zulo eta Ameba taldeen kontzertuak izango dira Emakumeon Plazan.

Saioa Arteagaren marrazkiak salgai egongo dira azokan.


Postuak goizez zein arratsaldez

Joan den urtean, 26 postu izan ziren azokan, eta sortzaileek lau plazatan aurkeztu eta saldu zituzten beren produktuak. Aurten ere postuak herrian barrena banatuko dituzte; Norberto Almandoz plazan, Joseba Barandiaran plazan eta Erriberan, hain zuzen. Euria egingo balu, hori bai, postuak frontoian edo Joseba Barandiaran plazako aterpean jarriko lituzketela aipatu zuten.

Azokak goizeko 11:00etan emango dio hasiera egunari, eta arratsaldeko 19:00ak arte egongo da sortzaileen postuak bisitatzeko aukera. Aurreko urtean bezalaxe, eskaintza zabala izango da aurtengoan ere: bitxiak, telazko poltsak, motxilak, ukenduak, buruko zapiak, ilustrazioak, eskuz egindako panpinak, eta beste hamaika produktu.

Horrez gain, antolatzaileek aurreratu dute saski bat zozketatuko dutela produkturen bat erosi duten herritar guztien artean. Horretarako, erosketaren bat egiten dutenei txartel bana banatuko diete, eta zuzenean, zozketan pare hartzeko aukera izango dute. Joan den urteko edizioan, Lizeaga sagardotegian gozatzeko afaria zozketatu zuten. Aurten, ordea, bestelakoa izango da saria: saski bat azokako produktuekin.

Zozketa 19:30etan izango da, postu guztiak ixtean. Ondoren, irabazlearen izena jakitean, festak ez du etenik izango herrian. Zulo eta Ameba taldeak oholtza gainerako igoko dira azoka eguna ezin hobe amaitzeko. Emakumeon Plazan dute hitzordua, eta bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!