Deialdia eta oinarriak argitaratuak, bi udaltzain lanpostu betetzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 11a, 00:00

Plantillan hutsik dauden bi lanpostuak behin betiko betetzeko dira. Baldintzak ikusgai daude GAOn.

Astigarragako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2022ko martxoaren 29an egin zuen bilkuran, erabaki zuen onartzea plantillan hutsik dauden bi udaltzain lanpostu behin betiko betetzeko deialdia eta oinarriak. Deialdia eta oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren joan den astelehenean, apirilaren 4an, eta eskabideak aurkezteko epea izango da 20 egun baliodunekoa, iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean, BOEn, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Jakinarazi dutenez, iragarki hori «laster» argitaratuko dute. 

Interesa dutenek deialdia eta oinarriak ikus eta eskura ditzakete Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 4koan, edota Astigarragako Udalaren webgunean: https://www.astigarraga.eus/eu/lan-eskaintzak

Udalean eskabideak aurkeztu ahal izango dira telematikoki edo paperean. Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztu nahi izanez gero, erregistro telematikoa erabili ahal izango da (http://astigarraga.eus/eu/tramiteak), eskabidea behar bezala beteta eta erantsita, baita parte hartzeko eskatzen den dokumentazioa ere. Paperean doazen eskabideak, berriz, Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira.

Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, izango dira NANaren fotokopia, deialdian parte hartzeko beharrezkoa den tituluaren fotokopia, A2 eta B gida-baimenen fotokopia, armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa jasotzen duen adierazpena, eta, azkenik, Hizkuntzen Europako erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila edo baliokidearen ziurtagiriaren edo tituluaren kopia.

 

Ofizialordearen eta agente lehenaren postuak, beteta

Horrekin batera, jakinarazi dutenez, Udaltzaingoko ofizialordea eta agente lehenaren plazak betetzeko hautaketa prozesuak amaitu dira dagoeneko, eta duela hiru aste laneratu ziren ofizialordea eta agente lehena.

Beraz, azken berri horrekin, Udaltzaingoko buruzagitzako bi lanpostuak beteta daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!